Amaia Azkue gogoan, elkarretaratzeak deitu ditu ostiralerako Urola Kostako Koordinadora Feministak

Uztarria.eus 2012ko mar. 12a, 22:50
Emakumeen Txokoan egin dute agerraldia Urola Kostako Koordinadora Feministakoek.

Azpeitikoa 19:30ean izango da, plazan. Emakume oriotarra hil zuteneko aurreneko urteurrenarekin bat egingo dute elkarretaratzeek. Gaur, astelehena, hasi da Donostian Azkueren hilketa argitzeko epaiketa.

"Komunikabideek sentsazionalismoz mozorrotu dute Amaiaren erailketa; dela lapurreta, hiltzailearen psikopatiaren ondorioa, mendekua... ezer ez dago argi, baina dena delakoa ere, gure ustez botere harremanak direla-eta gertatu den indarkeria sexistaren kasu bat da", nabarmendu dute.

Urola Kostako mugimendu feministaren hainbat kidek prentsaurrekoa eman dute gaur, martxoaren 12a, Azpeitiko Emakumeen Txokoan, besteak beste Amaia Azkueren hilketaren kasua "lehenbailehen argitzea eta epaiketa duina eta justizia sozialean oinarriturikoa egitea" eskatzeko. 2011ko martxoaren 16an gertatutako hilketa argitzeko epaiketa hasi den egunean Getarian bizi zen emakume oriotarra indarkeria sexistaren ondorioz hil zutela azaldu dute Urola Kostako Koordinadora Feministaren ordezkariek. "Komunikabideek sentsazionalismoz mozorrotu dute Amaiaren erailketa; dela lapurreta, hiltzailearen psikopatiaren ondorioa, mendekua... ezer ez dago argi, baina dena delakoa ere, gure ustez botere harremanak direla-eta gertatu den indarkeria sexistaren kasu bat da", nabarmendu dute.

Amaia Azkueri gertatutakoari "ez zaio seriotasunarekin eta erantzukizunarekin heldu", eskualdeko koordinadora feministaren aburuz. "Txutxumutxuak eta inora eramaten ez duten komentarioak nagusitu" izana kritikatu dute, baita instituzioen portaera ere, "azaleko zenbait adierazpenez gain beste neurririk hartu ez" dutelakoan. Aldiz, emakumeen artean "beldurra nagusitu" dela uste dute: "Lehen paseoan lasai ibiltzen ginen zenbait lekutan askoz ere emakume gutxiago ikusten da, lehen autoestopa egitea beldurgarria bazen, orain are gehiago. Honek eta etengabeko indarkeria sexista kasuek, kalean lasai ibiltzea eragotzi digute, baina honen aurrean beste behin ere kaleak gure egin nahi ditugu. Ozen aldarrikatu nahi dugu kalean lasai eta beldurrik gabe ibiltzeko eskubidea dugula".

Epaiketaren aurrean

Urola Kostako Koordinadora Feministak bere "samina, elkartasun eta babes osoa" adierazi nahi izan die Amaia Azkueren familiarte eta lagunei, haren hilketa argitzeko epaiketa hasi den egunean. "Isiltasunarekin apurtzea" eta "benetazko hausnarketa herritarra egitea" ere eskatu du koordinadorak, gaiaren inguruko eztabaida foroak sortzeko deia luzatuz, "irakasle, ikasle eta gurasoen artean, adibidez".

Udalei eta instituzioei, berriz, "hezkuntzan prebentzioa eta autodefentsa sustatzeko programak martxan jartzea" eskatu die. Eta emakumeei, azkenik, "kalera ateratzea, etxean ez geratzea eta gure burua defendatzeko entrenatzen eta elkartzen jarraitzea".

Ekarretaratzeak, ostiralean

Amaia Azkueren hilketa eta antzeko gertaerak "gure herrian onartezinak direla argi uztera" deitu ditu herritarrak eta erakundeak Urola Kostako Koordinadora Feministak. Horretarako ostiralean, martxoaren 16an, elkarretaratzeak deitu dituzte eskualdeko hainbat herritan.

Azpeitikoa 19:30ean izango da, plazan. Emakume oriotarra hil zuteneko aurreneko urteurrenarekin bat egingo dute elkarretaratzeek.