Zakarrontzi marroia

Xabier Euzkitze (Noticias de Gipuzkoa) 2012ko mar. 5a, 16:08

Gipuzkoako beste 34 herritan laster jarriko dute abian atez ateko zabor bilketa, eta Zarautz izango da horietan handiena. Donostian emandako prentsaurreko baten bitartez jakin dugu, Zarauztarron alkatea bertan ez zela. Atez atekoa dekretuz ezartzearen aurka direnei arrazoibide ukaezin batekin erantzun die Bilduk: "gure proiektuez herri galdeketa eskatzen duzue, zuenak bozkatzeko aukerarik eman ez diguzuenok!". Egia biribila da hori. Baina beste zenbait egia ere badaude. Esate baterako, Bilduren hauteskunde aurreko aldarri nagusia herritarren partaidetza bultzatzea izan zela, edo Zarauzko Aralar-Ezker Anitza koalizioak zehazki aipatu zuela herri galdeketak bultzatzeko asmoa. Orain alarmismorik ez zabaltzeko eskatu digu, eta ados nago. Horretan bai.

Galdeketa egingo balute, ez litzateke lehena izango gurean, herritarroi galdetu ziguten malekoian bizikletan ibiltzea ontzat ematen genuenentz. Edozein gisaz, aitortzen dut pereza handi samarra emango lidakeela atez atekoaren aldeko eta kontrakoen arteko kanpainak. Ufff! Batez ere, alderdien arteko blokeetan banatuko litzatekeelako afera, eta hori ez da errealitatea. Gure etxean nekez birziklatuko da orain baino gehiago. Aldiz, gure inguru oso hurbilean eta oso estimatuan baditugu boskarren edukiontziaren giltzarik eskatu ere egin ez duten ezker abertzale tradizionaleko lagunak, atzo bertan hondakin organikoak beste edukiontzietara bota zituztenak. Sentsibilitate ekologista siglekin doanik ez didate sinetsaraziko, badakit gezurra dela, gure lagun horiek %80 birziklatzen lagunduko omen digun sistemaren alde sutsu agertu arren. Nork ez du kontraesanik bere baitan, adiskide!

Atez atekoa izango dugu Zarautzen, argi dagoela dirudi. Eta pena dut, galdeketa ideien eta jokamoldeen birziklapenerako oso baliagarri izango baitzatekeen. Gainerakoan, guk lehendik ere erabiltzen dugu potetxo marroia. Ikasiko ditugu ordutegiak.