Asteburu kaskarra Lagun Onak eta Lan Mobel Iraurgirentzat

Uztarria.eus 2012ko ots. 28a, 12:45

Lan Mobel Iraurgik 94 eta 82 galdu zuen partida, Barça B-ren kontra. Lagun Onakek ere ezin izan zion aurre hartu Balmasedari eta 0-1 galdu zuen azpeitiar taldeak, 88. minutuan bizkaitarrek gola sartuta.

Asteburu kaskarra izan da Azpeitiko kirol talde nagusientzat. Lan Mobel Iraurgik galdu egin zuen Barça B-ren kontra eta Lagun Onakek ere ezin izan zion aurre egin Balmasedari. 

Lan Mobel Iraurgik ostiralean, hilak 24, jokatu zuen Bartzelonan Barça B-ren kontra. Palau Blaugranan jokatu zuten partida, eta lehen laurdena aurretik bukatu zuen azpeitiar taldeak 15 eta 19. Bigarren laurdenean ezin izan zion eutsi markagailuari Lan Mobelek, eta 44 eta 37 aurreratu zen Barça B. Hirugarren laurdena parez parekoa izan zen, eta 65 eta 64 bukatu zen. Alde handiena laugarren laurdenean atera zion Barça B-k Lan Mobeli, eta 94 eta 82 bukatu zen partida. 

Horrenbestez, Lan Mobel sailkapeneko bederatzigarren postuan dago, zortzi partida irabazi eta hamar galduta. 

Lagun Onakek zapatuan jokatu zuen Garmendipen Balmasedaren kontra, eta partidako azken minutuetan (88.ean) sartu zuen partidako gol bakarra talde bizkaitarrak. Hori dela-eta, Lagun Onak esku hutsik gelditu zen astebukaeran, eta 12.na da sailkapenean, 32 punturekin.