Lagun Onakek Balmaseda hartuko du zapatu arratsaldean Garmendipen

Uztarria.eus 2012ko ots. 24a, 18:25

Garaipena nahi dute Eskisabelenek, sailkapenean atzekoekiko tartea handitu eta denboraldiaren azken txanpan lasaiago ibili ahal izateko. Partida 16:30ean hasiko da. Igandean ere ez da futbola ikusteko aukerarik faltako herrian: goizean teknifikazio eskolako mutilek Zarauzkoen kontrako hainbat partida jokatuko dituzte, eta arratsaldean Erregional Preferenteko Lagun Onakek Ilintxaren kontra jokatuko du 16:30ean.

Saskibaloian, Lan Mobel ISBk Regal Bartzelonaren bigarren taldeari bisita egingo dio gaur, ostirala (21:00)

Aurreko aste bukaeran Beasainen bana berdindu ondoren, Lagun Onakeko talde nagusiak etxean jokatuko du aste bukaera honetan. Orain dela bi aste Elgoibarren aurkakoan (2-1) garaipenik gabeko bolada luzea etetea lortu bazuten, bihar ere hiru puntu garrantzitsu izango dituzte jokoan, Balmasedako bizkaitarren kontra. Azpeitiarrak sailkapenaren erdi aldean dabiltza, zuzeneko jaitsiera dakarten azken hiru postuetatik urrun -hamaika punturen aldea dute, une honetan-; baina lasaitasun hori areagotzea dute helburu eta, horretarako, arrisku tokietatik askoz gertuago dabilen Balmaseda gainditu nahi dute.

Hirugarren Mailakoak alde batera utzita, igandean bigarren taldeak ere zita izango du Garmendipen. Erregional Preferenteko Lagun Onak, bere ligako lider sendoak, Ilintxaren kontra jokatuko du. Partida hori baliatuko dute, gainera, taldearen babesle berria aurkezteko: Lizeaga Sagardotegia. Eta igandean bertan, baina goizez, teknifikazio eskolako mutilen taldeek partidak jokatuko dituzte, Zarauzko eskolakoen kontra. Guztira sei neurketa izango dira: 09:00etan, 10:00etan, 11:00etan (ordu horretan bi), 12:00etan eta 13:00etan. 2001 eta 2003 urteen artean jaiotako mutil koskorrak ikusteko aukera izango da partidetan.

Barça B-Lan Mobel Iraurgi

Lan Mobel Iraurgik etxetik kanpo jokatuko du jardunaldi honetan. Hain zuzen ere gaur bertan, ostirala, Palau Blaugranan ariko dira Iurgi Caminosen mutilak, Barça B-ren kontra. Lehen itzulian, Azpeitian jokatu zutenean, katalanek irabazi zuten, ozta-ozta izan bazen ere. Azken zazpi neurketetan bi garaipen besterik ez dituzte lortu, ordea, Bartzelonakoek, eta itxaropentsu joan dira Iraurgikoak Katalunia aldera.