Sara Carrasco: "Helburua da lokalera datorren jendea eroso sentitzea eta irtetzean bueltatzeko gogoa izatea"

Uztarria.eus 2012ko ots. 10a, 12:32
Sara Carrasco XJ auzolaneaneko kidea Sanjuandegiko auzo lokalean.

Gaur, ostirala, irekiko dute Sanjuandegiko auzo lokala, auzotar zein herritar guztien erabilerarako. 19:00etan izango da inaugurazioa auzo lokalean bertan. Uztarria.com-ek Sara Carrasco Sanjuandegiko Festa Batzordeko zein XJ Auzolaneaneko kidearekin hitz egin du lokalaren nondik norakoez.

Gaur, ostirala, irekiko dute Sanjuandegiko auzo lokala, auzotar zein herritar guztientzat. 19:00etan izango da irekiera ekitaldia, auzo lokalean (lehen 'Bodegilla' zen) bertan. Uztarria.com-ek Sara Carrasco (Azpeitia, 1990)  Sanjuandegiko Festa Batzordeko zein XJ Auzolaneaneko kidearekin hitz egin du lokalaren nondik norakoez eta aurrerantzean lokalak izango duen erabileraz, besteak beste.
 
Lehen Sanjuandegiko festetan soilik irekitzen zenuten lokala taberna moduan. 
 
Bai hala da, baina egun XJ Auzolaneanek eta Sanjuandeiko Festa Batzordeak bilerak egiteko erabiltzen dugu. Hala ere, gaurtik aurrera denon erabilpenerako izango da; hitzaldiak, antzerkiak, ekintza desberdinak antolatu ahal izango dira bertan. Aurretik ordua eta eguna zehaztu beharko dira lokala erabili nahi izanez gero, baina edozeinek izango du horretarako aukera.
 
Zer dela-eta erabaki duzue lokalari erabilera hori ematea?
 
Aspaldi ikusi genuen Sanjuandegin lokal baten beharra zegoela; festatako materiala biltzeko, gu elkartzeko... egun lokala izan badugunez edozeinek erabiltzeko aukera eskaintzea gutxienekoa dela uste dugu. Horren helburua, auzokideak elkartzea eta denon parte-hartzea bultzatzea da eta noski, auzoari bizia ematea.

Zer egingo duzue lokalaren eguneroko erabilera sustatzeko?
 
Hainbat ekintza antolatu ditugu XJ Auzolaneaneko kideek; antzerkiak, liburuen aurkezpenak, hitzaldiak... Horrez gain, liburutegitxo bat eta sukaldea jartzeko ideia darabilkigu buruan. Horrela, haurren meriendak, ikastolako lanak...egiteko espazioa ere izan dadin.
 
Ekitaldiak-eta antolatzea aurreikusten duzue, beraz.
 
Bai, dagoeneko hainbat ekintza eta hitzaldi lotuta ditugu. Ane Arenasek eta Erika Olaizolak zein beste azkoitiar batzuk antzerki obrak egingo dituzte otsailaren 17an. Horrez gain, hileroko bigarren, hirugarren eta laugarren asteko asteazken edo ostegunetan ekintza desberdinak antolatuko ditugu. Ekintza horiek hiru ataletan banatu ditugun eta izen hauek izango dituzte: 'kitzika' (antzerkia, musika edo antzerako ekimenak); 'XJforua' atala (hitzaldiak, liburuen aurkezpenak, elkarrizketak egingo dira); eta hirugarrena, 'Urrutiko kontuak' (hilean behin atzerrian izan den herritar batek han izandako esperientzia kontatuko du).
 
Gaurko inaugurazioari helduta, zer egingo duzue irekiera ekitaldian?
 
Irekierarako mokadutxoak prestatuko ditugu. Inaugurazioaren helburua, auzotarrek eta herritarrek denon erabilerarako lokala dagoneko prest dagoela ikustea da. Gainera, egin ditugun lanak direla-eta, lokala itxura berrituta dago, ez du lehengoaren itxurarekin zer ikusirik. Lokala bera arte lan bat da guretzako! 
 
'Iluntze' izena jarri diozue lokalari.
 
Egia esan hainbat aukera mahaigaineratu genituen eta azkenean, 'Iluntze' aukeratu genuen auzo lokalari izaera goxoa emateko asmotan. Gure helburua, lokalera datorren jendea eroso sentitzea eta irtetzean bueltatzeko gogoa izatea da.
 
Eskuorriak banatu dituzue etxez etxe. 
 
Eskuorri horiekin nahi dugu, batik bat, auzotar guztiengana heltzea lokal berrituaren mezua. Bertan,  lokalaren historioa aurkeztuko dugu eta noski, irekiera ekitaldien nondik norakoak ere bai.