Lau urteko zigorra Iparragirrerentzat, baina aske utziko duten ala ez ikusteko dago

Uztarria.eus 2012ko urt. 25a, 17:01

Frantzian urte horiek egin ditu jada kartzelan, baina Fiskaltzak -sei urteko zigorra eskatzen zuen- helegitea jar lezake

Bestetik, Espainiak euroagindua eskatua du Azpeitikoarentzat

Pariseko Auzitegi Korrekzionalak lau urteko kartzela zigorra ezarri dio Iker Iparragirre azpeitiar presoari, ETAren logistika taldeko kide izatea leporatuta. Gaur, asteazkena, eman dute epaia. Iparragirre joan den urtarrilaren 18an epaitu zuten, Juan Cruz Maiza eta Galder Bihotz Cornagorekin batera. Fiskaltzak sei urteko zigorra eskatzen zuen Iparragirrerentzat eta zortzi urtekoa Maizarentzat eta Cornagorentzat; Maizari fiskalak eskatutako zortzi urteak eman dizkiote, eta Cornagori, berriz, sei urteko zigorra.

Iparragirrek 2005ean ihes egin zuen, Espainiako Polizia Azpeitira atxilotzera etorri zenean. Lau urte baino gehiago daramatza Frantzian espetxeratuta, 2007ko uztailaren 26an atxilotu zutenetik. Beraz, ezarri dioten zigorra beteta dauka Frantzian. Hala ere, azpeitiarra ez dute berehala aske utziko, eta aske utziko duten ala ez ere ez dago oraindik erabakita.

Alde batetik, sei urteko zigorra eskatzen zuen Fiskaltzak helegitea jar lezake. Hamar eguneko epea du horretarako eta, epe horretan helegitea aurkezten badu, ondorioz abian jarriko litzateken prozesua bera urtebetetik gora luzatu daiteke.

Bestetik, Espainiak euroagindua eskatua du Azpeitikoarentzat. Frantzian aske uzten badute, Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utziko lukete. Estatu espainiarrak ETAko kide izatea egotzita eman zuen Iparragirreren kontrako euroagindua. Delitu horregatik zigorra betea du ordea, Frantzian, eta bi herrialdeetan delitu bereagatik ezin dute zigortu.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti (Paterra). Cordobako (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 780 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Jabi Agirre. Sevilla II (Espainia) preso, 957 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduan Espainiaratu egin zuten.
- Joseba Segurola. Nanterren (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.
- Josu Urbieta (Pow). La Santen (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2010eko ekainean atxilotu zuten.

Deportatuak
- IƱaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua (Pakea).