Donostiarako autobus zerbitzua zabalduko dute urtarrilaren 16tik aurrera

Urola Kostako Hitza 2012ko urt. 13a, 13:01
Azpeitiko, Zestoako eta Azkoitiko alkatea, anbulatorio aurreko autobus paradan.

Azkoititik Donostiarako joan-etorrian astegunetan zortzi autobus gehiago izango dira

Autobus zerbitzuak zabaltzea hiru udalen arteko elkarlanaren ondorioa dela nabarmendu du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak

Urtarrilaren 16tik, astelehena, aurrera La Guipuzcoana konpainiak eskaintzen duen Donostiarako autobus zerbitzua zabalagoa izango da, hau da, joan-etorrirako autobus gehiago jarriko dituzte. Honen berri Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako alkateek eman dute.

Pello Baztarrika Azkoitiko alkateak azaldu duenez, garraio zerbitzuaren aldeko apustua da erabaki hori: "Bereziki Urola bailaran, eta azken urteotan, herritarrok ez dugu jaso gutxieneko autobus zerbitzurik izan". Donostiarako autobusen ordutegia zabaltzeko Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin bilera ugari egin behar izan dituzte Azkoiti, Azpeiti eta Zestoako udaletako arduradunek, "bilera asko egin behar izan dugu hau lortzeko, baina dagoen behar nabarmenari erantzuteko balio izan digu".

La Guipuzcoana autobusen ordutegi berria, www.laguipuzcoana.net helbidean kontsultatu eta eskuratu daiteke. Zestoako alkateak azaldu duenez, urtarrilaren 16tik aurrera Azkoititik Donostiarako joanetorrian astegunetan zortzi autobus gehiago izango dira. Horrez gainera, Azkoitia-Tolosa autobus zerbitzua mantentzea ere lortu dute.

Autobus zerbitzuak zabaltzea hiru udalen arteko elkarlanaren ondorioa dela nabarmendu du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, "lan zaila eta gogorra da, baina fruituak ematen ditu bailarako interesak eta helburuak lortzeko". Garraio publikoa hobetzeko pauso bat eman da, baina ez da nahikoa, Etxeberriaren ustez, "lanean segitu behar dugu, Errezilerako eta Beizamarako zerbitzua hobetzeko, Lurraldebusen zerbitzua hobetzeko". Zumarragako ospitalerako eta asteburuetan Zumaiarako autobus zerbitzuak hobetzeko saiakerak egiten ari direla ere azaldu du Azpeitiko alkateak.

Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako udaleko alkateek garraio publikoa erabiltzera bultzatu dituzte herritarrak.