Udalak bat egin du urtarrilaren 7an presoen eskubideen alde Bilbon egingo den manifestazioarekin

Uztarria.eus | Udala
2012ko urt. 4a, 19:01

Herritar batzuk aurkeztutako mozioa onartu dute urtarrileko udalbatzarrean, Bilduren aldeko botoekin; EAJk berak aurkeztu zuen mozioa, eta H1!-ek ez zuen bozkatu

Trenaren Museoaren Fundazioaren estatutuak berritzerakoan Udalak zer jarrera hartuko duen ere adostu zuten atzo, asteartea, eginiko bilkuran

Azpeitiko Udalak bat egin du larunbatean, urtarrilaren 7an, euskal preso politikoen eskubideen alde Bilbon egingo den manifestazioarekin. Herritar batzuk aurkeztutako mozioa onartu dute urtarrileko udalbatzarrean, Bilduren aldeko botoekin. Presoen "eskubideen errespetua" eskatzen dute mozioan eta, manifestazioarekin bat egiteaz gain, "herritarrei deialdi zabal eta anitza luzatu" nahi die Udalak, mobilizazioan parte har dezaten.

Hau da plenoan onartutako mozioaren edukia, osorik:

"Une historikoa bizi dugu Euskal Herrian. ETA erakundeak borroka armatua behin betiko uzteko konpromisoarekin, ziklo politiko berri bati hasiera emateko oinarria sendotu da. Azken hamarkadetan bizi izan dugun konfrontazio armatua behin betiko ixteko aukera eta eztabaida demokratikoan oinarritutako eskenatokiaren ateak ari dira irekitzen.

Gernikako Akordioan hitzartutakoari jarraiki, eta Aieten Nazioarteko Komunitateak zabaldutako mandatuaren norabidean, ETAren erabakiak, gatazka politikoa, bake bidera eramateko aukera baten aurrean jarri gaitu. Normalizazio politikora bidean eman beharreko urratsetan, besteak beste, euskal preso politikoen eskubideen errespetua bermatu beharko da. Gernikako akordioaren hitzetan, ezinbestekoa da, Euskal preso politikoen aurka aplikatzen den espetxe-politika etetea, konfrontaziorako estrategia gisa erabili da-eta. Era berean, honako neurri hauek hartzea, amnistiarako bidean lehen urrats moduan, gatazka politikoak eragindako preso eta iheslari bat bera ere egon ez dadin: Preso guztiak Euskal Herrira ekartzea, dispertsioarekin amaituz, Gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea, Epaituak izateko zain dauden preso prebentiboei behin-behineko askatasuna ematea, Legeak ezarritakoak beteak dituzten zigortutako preso guztiei, baldintzapeko askatasuna ematea, Legeak jasotzen dituen espetxe-onurak aplikatzea, murrizketarik eta arbitrariotasunik gabe eta azkenik, Zigorra betetzeko muga berrogei urtetan ezartzen duen legedia indargabetzea.

Euskal gizarteak urte asko daramatza, preso politikoen eskubideen bermeak eskatzen. Urteak, presoen aurkako neurriek senideengan dituzten ondorio larriak salatzen. Urteak, estatu espainiar zein frantsesari, beren legea betetzeko eskatzen.

Munduan eman diren prozesu politiko desberdinetan bezala, Euskal Herrian ere preso politikoen errealitateari konponbidea eman behar zaio. Era berean, konponbide politikoaren baitan, presoek ere parte izan behar dutelarik. Ziklo bat behin betikoz itxi eta etorkizunean aske egingo gaituen ziklo berria indarrez irekitzeko.

Azken asteetako hitz eta ekintzei begira jarriz, Madril eta Parisetik ez da egoera berriaren tamainako urratsik eman. Presoen dispertsioak bere horretan jarraitzen du. Senitartekoek milaka kilometro egiten jarraitzen dute. Hamarnaka euskal presok, Parot Doktrinaren ondorioz, hil arteko zigorra betetzen jarraitzen dute. Gaixotasun larriekin dauden hainbat presok baldintza kaskarretan jarraitzen dute. Egoera hau errotik aldatzea eta atzerapenik gabeko urratsak ematea ezinbestekoa deritzogu".

Beraz, aurkezten den mozioa ondokoa da Azpeitiko Udaleko Osoko Bilkuran, Euskal Presoen Eskubideen alde, eztabaidatua eta onartua izan dadin:

  1. Udal honek, bizi dugun aukera historiko honen aurrean, Euskal Preso Politikoen eskubideen errespetua eskatzen du. Hala nola, besteak beste, dispertsioaren amaiera eta preso guztien Euskal Herriratzea, gaixotasun larriak dituzten presoen askatzea eta zigorra beteta dutenen askatzea.
  2. Udal honek datorren urtarrilaren 7an Euskal Preso Politikoen eskubideen alde burutuko den Manifestaldiarekin bat egiten du.
  3. Herritarrei deialdi zabal eta anitza luzatu nahi diegu ezberdintasun politiko guztien gainetik giza eskubideen alde urratsa eman eta herri honek inoiz ezagutu duen mobilizaziorik handiena denon artean osatu dezagun.
  4. Norabide horretan, udal honek osoko bilkuran hartutako erabakia aldekoa bada, herriko komunikabide ezberdinei helarazteaz gain, bando bidez herritar guztiei zabaltzeko konpromisoa hartzen du.
  5. Bilbora autobusa, ikasle eta langabetuentzako 3 euro kostatuko da eta langileentzat 5 euro".

EAJk aipatu mozioaren aurkako botoa eman zuen; alderdi horrek beste mozio bat aurkeztu zuen, aurrera atera ez zena. Hamaikabateko zinegotziak, berriz, ez zuen mozioa bozkatu.

Hau da EAJk aurkeztu zuen mozioa:

"Azken hamarkadetan, euskal herritarren gehiengoak, pertsona ororen giza eskubideen errespetua aldarrikatu eta eskatu du, zalantza gabe arbuiatu dituelarik berauen edonolako urraketak eta elkarrizketaren alde egin du gatazkak konpontzeko tresnatzat hartuz.

Euskal gizarteak demokrazia eta etika eskatzerakoan izan duen iraunkortasuna erabakiak hartzera bultzatzeko ezinbestekoa izan da, guztioi aro berri bati ekiteko aukera emateko. Indarkeriaren ondorioen aurrean, biktima eta presoen aurrean, neurri berriak ezartzeko eta oinarri demokratikoak ez besterik erabiliz, gatazka politikoa konpontzeko aukerari heltzeko denbora.

Gaur, eta alferrikako min eta sufrimendu urte guzti hauen ondoren, AZPEITIKO udalak ondorengo hau adostu du:

  1. ETA-k Aieteko manifestuari erantzunez, behin betiko ekintza armatua utzi izana adieraztea, aintzat hartzen dugu.
  2. Berriro diogu beharrezkoa izango dela, adiskidetzean, aitorpenean, konpentsazioan eta biktima guztien laguntzan aurreratzea, sortutako mina aitortuz eta pertsonen eta gizartearen zauriak sendatzen lagunduz.
  3. Euskal Presoak jasaten ari diren bere oinarrizko eskubideen urraketen aurrean, Eusko Legebiltzarrak, 2006ko urriaren 6an, euskal presoen eskubideen defentsarako konpromisoari buruz onartutakoa, berresten du".

Trenaren Museoaren estatutu aldaketaren aurrean

Azpeitian dagoen Burnibidearen Euskal Museoaren Fundazioaren estatutuak ere hizpide izan zituzten atzoko osoko bilkuran.

Fundazioaren patronatuak erakunde horren estatutu aldaketa ekarriko duen proposamena bozkatuko du urtarrilaren 12an, eta Azpeitiko Udala patronatuko kideetako bat da. Horrela, Eneko Etxeberria alkateak estatutuak aldatzeko proposamenaren berri eman zuen, eta Udalak aldaketaren aurrean zer jarrera hartu beharko luken galdetu. "Udala %1 besterik ez da Fundazioan eta gure aldeko botorik gabe ere alda ditzakete estatutuak", argitu zuen alkateak; Eusko Tren garraio baltzu publikoa da fundazioan pisu handiena daukan erakundea. Azkenean, udal talde guztiek aho batez onartu zuten Udalak urtarrilaren 12ko bileran botoa zer zentzutan emango duen.

Horrenbestez, Azpeitiko Udalak estatutuak aldatzearen aldeko botoa emango du, estatutu horien 4. artikulua aldatu eta museoaren egoitza sozialaren balizko toki aldaketa erabakitzeko Patronatuaren sortzaile guztien adostasuna beharko dela jasotzen bada. "Hori ahoz eskatu nuen aurreko bilera batean -azaldu zuen Etxeberriak- eta lortzea garrantzitsua izan daitekela uste dut, museoak Azpeitian jarraitu ahal izateko". Artikulu hori aldatuta, Azpeitiko Udalak ere museoa tokiz aldatzeko adostasuna eman beharko luke, museoaren sortzaileetakoa delako. 4. artikulu hori aldatzea onartuko ez balitz, estatutu berrien kontrako botoa emango luke Udalak. Eta, botoa alde ala kontra eman, Trenbidearen Lagunen Elkartea fundaziotik kanpo geratzearekin ados ez dagoela aktan jasotzeko eskatuko du Udalak, udalbatzarrean hala erabakita.

Izan ere, estatutu berriek izango duten aldaketa batek ekar dezakeen ondorioetako batekin ez dator bat Azpeitiko Udala. Fundazioko kide izateko, erakundeek diru-ekarpenen bat egitea derrigorrezkoa izango dela zehaztuko dute aurrerantzean Trenaren Museoa kudeatzen duen fundazioaren estatutuek. Hori "onuragarria" izan daitekeela esan zuen Eneko Etxeberriak baina, era berean, aldaketa horrekin gaur egun fundazioko kide den Trenbidearen Lagunen Erakundeak ezingo luke fundazioan jarraitu, eta horrekin ez dago ados Azpeitiko Udala. Elkarte hori oso kritiko agertu da Juanjo Olaizola museoaren zuzendaritzatik kentzearekin, eta auzi horretan Eusko Trenek eta Eusko Jaurlaritzaren Garraio Sailak izandako jarrerarekin. Trenbidearen Lagunen Elkartea fundaziotik kanpo gelditzearen aukeraren erabat kontra hitz egin zuten atzo plenoan EAJko zinegotziek. Elkarteak Fundazioari "prestigioa" ematen diola esan zuen Jexux LarraƱagak, eta "elkartearekin egiten ari direna oso krudela" dela, Onintza Etxeberriak.

Bidali:  

Erantzunak

Mendi | 2012-01-04 : 22:01

Nerekin EZ KONTATU.

kanka | 2012-01-05 : 10:01

"Nire ere ez KONTATU!". Hori bai euskera jatorra!
Zeatik etzeate saiatzen lema horrekin, herriko 800 lagunen argazkiyekin mural bat eiten?
KONTA ZAZUE NIREKIN! eta probokatzaile hauei gustatu edo ez, KOLOSALA IZANGO DA!
Eskubide guztien jabe, Euskal Preso Politikoak, ETXERA!

Loiolatarra | 2012-01-05 : 10:01

Nire ere ez KONTATU!
Galdera bat, zeatik erabili dira erderakada hauek manifestazio hontako deialdietan? "Nerekin KONTATU" eta "KOLOSALA izango da"

Loiolatarra | 2012-01-05 : 11:01

Nik ez diat kritikatzen erderakada erabili dela.Nere ustez lema hori nahita jarritako zerbait denez jakitea nahiko nikek zergatik erabili diren erderakada horiek, besterik ez.
Bakoitza libre dek Bilbora juteko edo ez, nik esan diat ez naukela jungo. Ni ere libre izango nauk ezta? Eta ez diat dudik eiten jende asko bilduko zeatela Bilbon.
Nere ustez hildakorik ez duen presoekin hasi litekek zerbait egiten baina inola ere ez hildakoak dituenekin.
Hildakoak dituen presoak kalera eta gainera soldata jarrita? Hori ez diat inola ere onartzen.

erreala | 2012-01-05 : 15:01

kontatu nirekin!!!!!! KOLOSALA IZANGO DA!
Preso eta iheslari guztiak euskal herrira!

epa | 2012-01-05 : 16:01

Kontatu nirekin!
Ni ere han izango naiz.

potoli | 2012-01-05 : 16:01

Nirekin ere kontatu!
kolosala izango da.

Bego | 2012-01-05 : 17:01

Ni ere han izango naiz.
Euskal preso eta iheslari guztiak etxera!!

IrekiAteak | 2012-01-05 : 18:01

Nirekin ere kontatu!Larunbatekoa ikaragarria izango da.
Eta poztekoa udalak mozioa onartu izana. Noiz jarriko dute bandoa?

bi | 2012-01-06 : 13:01

kontau nerekin!!
Ni ere bihar Bilbon izango naiz!!

Juanito | 2012-01-06 : 15:01

Kontatu nirekin!

Patata | 2012-01-08 : 14:01

Ni joan nintzen eta K O L O S A L A izan zen!! Patxiren aurkako manifa egiten denean goxo goxo joango da EAJ denokin batera. Ea ba behingoz erabakitzen duen EAJ-k norekin dagoen, batzuekin edo besteekin. Gaur egun jadanik ez da onartzen bizi guztian eraman duen baldintza (gaur honekin eta bihar beste honekin) interesak besterik ez. Euskaldun guztiok batu beharko giƱateke baina ez... EAJ ez... aire aire!!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu