Liburuaren aurkezpena: festa

Urola Kostako Hitza | Kultura
2011ko aza. 30a, 16:11

Asteburuan Mikel Alberdi azpeitiarrak, egileak berak ekoitzita, Hizkien eskalea poema liburua aurkeztu du

Aurkezpen festa Labrazan (Araba) egin dute, lagunartean

Ez zen argitaletxetako ordezkaririk izan. Ez udal ordezkaririk. Ez erakundeetako ordezkaririk. Lagunak izan ziren, lagunak besterik ez, Mikel Alberdi azpeitiarraren eta Lurdes Larrañaga bilbotarraren Hizkien eskalea liburuaren aurkezpenean. Labrazan (Araba) izan zen, lagun artean prestatutako festan. Alberdik poemak idatzi, eta Larrañagak poemetan oinarritutako marrazkiak egin ditu.

Heriotzaren txanda izan zen lehendabizi. Labrazako kanposantuan, hilobi artean, hiru poema irakurri zituen Iñaki Segurola idazleak. Ardo zuriarekin ospatu zuten bizitza ezin dela etengabea izan. Hor, kanposantuan, bukatuko dugula denok, alegia. Ardoarekin ospatu bitartean irakurri zituen poemak Segurolak. Aurretik aukeratu zituen Alberdiren liburuko hiru poemak, eta heriotzarekin zuten lotura azaldu. Jorginho azkoitiarrak lagundu zion gitarrarekin, ardo kopak altxatu eta topa egiten zuten bitartean. Ondoren, Jorginhok Alberdiren poemetako bat kantatu zuen, Jo! taldeak musikatutako poema bat oinarri hartuz. Jo! taldearen kantaria izan zen Alberdi, eta taldearen letra batzuk liburu berriko poemak dira. Azaltzeagatik eskerrak emanez, egunaren berri eman zuen Alberdik.

Harresietako etxebizitza-dorre batean zen hurrengo hitzordua. Dorrearen patioan zegoen prestatuta hamaiketakoa. Bizitzaren txanda zen oraingoan. Ardo zuri, gorri eta beltzak, aukeran. Pintxoen bandejak ateratzen joan ziren, janari eta edanari ematen zioten artean. Luxuriarako eta gozamenerako deia egin zuen orduan Alberdik. Balentin Tramon idazleak beste hiru poema irakurri zituen. Jorginhok beste hiru kanta abestu, eta festarako gogoa zabaldu zen denen artean. Denak kontu kontari ari ziren artean, janaria eta edaria ezin agortuta, tabernarako deia etorri zen.

Tabernan tragoa hartzeko ordua zen, bazkaria heldu artean. Basurdea zegoen menuan, baina aurretik patatak errioxar erara jan beharra zegoen. Ezin zen bestela, Labrazan izanda. Legatza ere aukeran jarri zuten. Lagun arteko giro ezin ederragoan, kantuen txanda etorri zen. Jorginhok eta Alberdik are gehiago alaitu nahi izan zuten giroa, eta errezitaldi txiki bat eman zuten. Soinu handiaren notek musikarako erritmoa zabaldu zuten. Gero, espontaneoen ordua iritsi zen.

Lur gainetik lur azpira

Eguna, ordea, oraindik luzea zen. Upategirako zita zegoen ondoren. Torre San Millan upategia alboko herrian dago, Barriobuston, hain zuzen. Ardo anitz probatzeko aukera izan zen, gazta, txorizoa eta saltxitxoia falta ez zirelarik. Ardoa erosi eta etxerako eraman zutenak ere izan ziren. Handik, olioa egiten den lekura eraman zituzten. Trujal deitzen dira horrelako lekuak. Bertako makineria eta funtzionamendua ikusi ahal izan zuten. Handik, lur azpiko bodega txiki horietakora. Harrizko arkuekin egindako lur azpiko pasilloak ugari dira inguru haietan. Garai batean elkartzen ziren leku estu baino gozoak gogoratu zituzten, ardoa edanez. Guztietan izan zen doinu alaiak entzuteko aukera, baina lur azpiko ezkutalekuan kantatutakoak izan ziren estimatuenak, eta hunkigarrienak.

Konturatu gabe etorri zen afaltzeko ordua. Lagun arteko giroan hasitakoa giro are atseginagoan bukatzeko. Baina oraindik afal ondorena falta zen, kantak, dantzak, belarrira esandakoak, irribarreak... festa borobildu nahian ahalegindu ziren. Festak luze joko zuen oraindik, gauaren konplizitatean.

Liburuaren aurkezpena festa bihurtu zuten, poematan agertutako sentimenduak zabaltzeko, partekatzeko, eztabaidatzeko, sentitzeko. Azken batean, hori da Mikel Alberdik eta Lurdes Larra- ñagak nahi dutena, Alberdik poemen bitartez eta Larrañagak marrazkien bitartez. Bizitzeko beste modu bat aldarrikatu nahi izan du Alberdik, eta sentipenak poematan bildu ditu. Ez da saltzeko liburua, bizitzeko liburua da, eta hori sentitu zuten Labrazara hurbildutako lagunek.

Liburuaren fitxa

  • Izenburua. Hizkien eskalea.
  • Poemen idazlea. Mikel Alberdi Irizar.
  • Ilustrazioen egilea. Lurdes Larrañaga Sanz.
  • Orrialdeak. 63 orrialde ditu liburuak.
  • Atalak. Hiru ataletan daude banatuta poemak. Atalen goiburuak hauek dira: Maitasunaren geltokia, Hitzen geltokia eta Beldurraren geltokia.

    Hau liburuan jasotako poemetako bat da, Maliko umeak izenekoa:

    bihar hilko diren umeak datozkit
    agur esatera
    txorien abestiekin egindako
    etxoletara doazela
    eta handik izarrak sortzen diren
    faktorietara

    bihar hilko diren umeak datozkit
    marfilezko kornetekin agurtzera
    unibertsoan belarrez osatutako
    txalupa zain dute
    jolasean doaz irribarreen habi
    sekretura

    bihar hilko diren umeak datozkit
    esatera
    gosea eta gaixotasuna asmatu
    dituen jainkoak
    ez duela umeontzako beste
    jostailurik utzi
    .


    Egun gutxi barru banatuko dugun Uztarria aldizkariaren abenduko zenbakian Mikel Alberdiri egindako elkarrizketa dator.
Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu