Joxe Labakak eta Aitor Otaegik irabazi dute Euskal Herriko Rallysprint txapelketa

Uztarria.eus 2011ko aza. 23a, 10:11

Joan den zapatuan Euskal Herriko Rallysprint txapelketako azken lasterketan hirugarren sailkatu zen bikote azpeitiarra

Maiatzean Azpeitian jokatu zen rallysprinta ere azpeitiar bikoteak irabazi zuen

Joan den zapatuan, hilak 19, jokatu zuten Eibarren Euskal Herriko Rallysprint txapelketako azken lasterketa. Xabier Lujua (Mitsubishi EVO X) bizkaitar gidariak irabazi zuen lasterketa. Bigarren postuan Iñaki Alberdi eta Nerea Odriozola (BMW M3) izan ziren, Joxe Labakari eta Aitor Otaegiri (Mitsubishi EVO V) segundo erdiko aldea aterata.

Lasterketa hirugarren postuan bukatu arren, Labakak eta Otaegik irabazi dute Euskal Herriko Rallysprint txapelketa. Maiatzean Azpeitian jokatu zen rallysprinta ere azpeitiar bikoteak irabazi zuen.

Azpeitiar gehiago Eibarren

Ez ziren Labaka eta Otaegi izan Eibarko rallysprintean parte hartu zuten azpeitiar bakarrak. Izan ere, Iñaki Aiertzak eta Aritz Elgarrestak (BMW 325i) 17. postua eskuratu zuten. Aldiz, hirugarren sailkatu ziren laugarren klasean. Gorka Aguirretxe eta Haritz Usabiaga penalizatu egin zituzten, eta azkenengo postuan bukatu zuten lasterketa. Aldiz, Jon Arregik eta Igor Arriaranek, eta Aitor Lazkanok zein Beñat Elgarrestak ezin izan zuten lasterketa bukatu, matxura mekanikoengatik.