Aitor Zulaika, txandaletik mugikorrera

Uztarria.eus 2011ko uzt. 19a, 12:07

Lagun Onaken oinarrizko futbolaren kirol koordinatzailea izango da, mutilen taldeena

Orain urtebete utzi zion talde nagusia entrenatzeari, zazpi denboraldi eta gero

"Orain urtebete futbolarekin pixka bat beteta, nekatuta" zegoela aitortzen du Aitor Zulaikak. Orain urtebete utzi zion Lagun Onaken talde nagusia entrenatzeari, zazpi denboraldi eta gero. Eta, urtebete pasatu ondoren, Lagun Onaken dago berriro, baina bestelako ardura batekin. "Zelaitik bulegorako aldaketa" eginda, "txandaletik mugikorrera", klubaren oinarrizko futbolaren kirol koordinatzailea izango da aurrerantzean.

Ardura berria, postu berri samar batean. 2010-2011 denboraldian sortu zuten Lagun Onaken oinarrizko futbolaren koordinatzaile postua. IƱaki Kaki Azkargortak bete zuen lan hori joan den denboraldian; Azkargortak utzi ondoren, orain Zulaikak ekingo dio lanari.

Zehazki, mutilen taldeen koordinatzailea izango da Zulaika. Nesken bi taldeen -Preferente mailako seniorra eta kadetea- kirol koordinatzailea Marcos Villanueva izango da.

Sei talde

Hain ondo ezagutzen duen talde nagusia ez da sartuko Aitor Zulaikaren ardura berrien esparruan. Sei talderen koordinazioaz arduratuko da bera: Erregional Preferentekoa, Ohorezko Jubenila, Ohorezko Kadetea, Ohorezko Infantila, Infantil Txikia eta Alebina.

Talde bakoitzerako entrenatzaile eta arduradunak izendatzea eta jokalariak aurkitzea ari da izaten Zulaikaren hasierako eginkizunetako bat. Alde horretatik pozik agertu da, "hiru edo lau aste direlako lanean hasi nintzela eta talde guztietarako ditugu jada lehen entrenatzaileak, eta bigarrenak eta atzezainen prestatzaileak ere ia denentzako. Prestatzaile fisikoekin zailtasun gehiago ari gara izaten; herrian eta inguruan ez dugu halakorik topatzen. Ia jendea animatzen den".

Aldiz, entrenatzaile "ia denak tituludunak" direla nabarmendu du Zulaikak.

Helburuak garbi

Lan-talde horien koordinazioaz arduratuko da gero Zulaika eta, batik bat, "filosofia bat markatzea, helburu batzuk eta horiek lortzeko bideak zehaztea" izango du erronka.

"Klubaren filosofia lehen taldea ahalik eta Azpeitiko jokalari gehienekin osatzea" dela gogoan du Lagun Onaken entrenatzaile ohiak, eta hori posible izateko jarraitu beharreko bidea garbi. "Heziz eta jolastuz, ahal dela irabazten joatea"; esaldi hori lanerako eredu hartu nahi du. Eta "lau helburu" ezartzen ditu bere lanerako: "Jokalarien heziketa pertsonala, kirol heziketa, Azpeitiko gazteei kirola egiteko ahalik eta baliabide onenak eskaintzea eta, azkenik, talde nagusira iritsiko diren jokalariak ateratzea".

Oinarrizko futboleko talde guztiek "joko filosofia bera" lantzeari ere garrantzia emango diote Zulaikak eta bere lan-taldeak. "Preferentekoek eta jubenilek talde nagusiaren joko eredua kontuan hartzea ere garrantzitsua izango da", gaineratzen du.

Helburuak garbi ditu kirol koordinatzaile berriak, landu nahi dituen kontzeptuak bezala: "Komunikazioa, antolaketa, berrikuntzei adi egotea, inplikazioa eta lana".