Eneko Etxeberria: “Proiektu honek daukan indarra ikaragarria da eta ez dauka atzera bueltarik”

Uztarria.eus 2011ko mai. 16a, 12:05

Hauteskundeetako ekitaldia egin zuen atzo (igandea) Bilduk

.500 lagun baino gehiago elkartu ziren Izarraitz pilotalekuan

Datorren igandean izango da udal eta foru hauteskundeetako bozka emateko eguna eta alderdi politikoak hauteskunde atariko ekitaldiak egiten ari dira egunotan. Bildu koalizioak atzo (igandea) iluntzean egin zuen berea eta 500 lagun baino gehiago elkartu ziren Izarraitz pilotalekuan. Jose Luis Otamendik egindako poesiak eman zion hasiera ekitaldiari eta Xabier Borda idazleak gidatu zuen saioa.

Ekitaldian zehar, eragile desberdinek, koloretako hariekin osatu zuten Bilduren irudi den hari mataza: "udalaren haria, babes sozialaren haria, lanarena, independentziarena, eta parte-hartzean oinarritutako demokraziaren haria".

Ekitaldiaren amaieran, Bilduko hautagaiak igo ziren oholtzara eta Eneko Etxeberria alkategaiak hartu zuen hitza. Azaldu zuenez, “une historikoan aurkitzen da gure herria. Aro berri bat ireki dugu; proiektu honek daukan indarra ikaragarria da eta honek ez dauka atzera bueltarik. Gatazka honi konponbide demokratiko bat eman behar diogu. ETAk egin du pausu bat aurrera eta Estatuei ere aurrerapausuak eskatu behar dizkiegu. Une historikoa da hau”.

Etxeberriaren arabera, “diferentzia” da euren indargune handiena, eta “elkarlana” izango da bitartekoa: “Herri honek aldaketa behar du. Herriarekin konektatzen duen proiektua behar du eta ez bulegoetatik herriari galdetu gabe osatzen den proiektua”. Bilduko alkategaiak bizi dugun momentu ekonomikoa ere izan zuen hizpide atzoko ekitaldian eta konpromisoa agertu zuen momentu zail hauetan aurkitzen diren herritar guztiekiko.

Udal hauteskundeen inguruko informazio gehiago atal berezian .