Bihar hasiko dira sanisidroak Aratz-Errekan

Uztarria.eus 2011ko mai. 12a, 13:05
Iazko Mus Txapelketan hamabi bikotek hartu zuten parte.

Arratsaldean hasiko dira festak; 19:30ean izango da txupinazoa

Hainbat ekitaldi antolatu dituzte ostiraletik igandera

Bihar ostirala, hilak 13, hasiko dira Aratz-Errekan San Isidro festak. Txupinazoarekin emango diote hasiera egitarauari eta igandera arte izango da zer gozatua.

Bihar, 19:30ean botako dute txupinazoa eta poteoa egingo dute segidan. 21:00etan afaria egingo dute eta Hitzeder eta Joseba trikitilariek alaituko dute afalostea. Goizeko hiruak aldera, baratzuri zopa jana egingo dute.

Zapatuan, berriz, 10:00etan abiatuta Izazpi-Pagotxeta-Samiño mendi buelta egingo dute. Handik auzora bueltatzen direnean, hamaiketakoa egiteko tartea hartuko dute.

16:30ean, Mus Txapelketa izango da. Bikoteko 20 euro ordaindu behar dira,eta irabazleek 150 euroko diru saria jasoko dute; bigarren egiten duen bikoteak 100 eurokoa eta, hirugarrenak, 50 eurokoa.

Behin mus txapelketa bukatuta, arrautza egosi lehiaketa egingo dute: hiru arrautza egosi nork azkarrago jan. Irabazleak, 30 euro eta dozena bat arrautza irabaziko ditu.

Arratsalde eta gau partea musikaz alaitzeko Xabier Etxaniz eta Iñiggo Galdos trikitilariak izango dira auzoan eta 03:30ean, baratzuri zopa jana egingo dute.

San Isidro Eguna

Igandean izango da egun handia: San Isidro Eguna. 09:00etan suziriekin emango diote hasiera egunari. 12:00etan Meza Nagusia izango da eta, meza bukatutakoan, pilota partidak izango dira frontoian. 14:30ean, bazkaria egingo dute eta Xabier Etxaniz eta Iñigo Galdos trikitilariek alaituko dute giroa. 20:00etan suzko erroberekin emango diote bukaera 2011ko San Isidro festak.