100 urte langileen alde

Urola Kostako Hitza 2011ko mai. 12a, 12:05

ELA sindikatuak mende beteko historia du jada

Egindakoak erakusteko hainbat ekimen antolatu dute

ELA sindikatuak 100 urte beteko ditu aurten, eta mendeurrena ospatzeko hainbat ekimen egingo dute datozen asteotan. Mende beteko historia biltzen duen erakusketa ibiltaria antolatu du Manu Robles Fundazioak, eta Euskal Herri osoan ikusi ahal izango da. Urola Kostan Azpeitian ikusi ahal izango da erakusketa, maiatzaren 17tik 19ra, ELAren bulegoetan. Sindikatuaren historiarekin lotutako argazkiak, dokumentuak eta ikurrinakbildu dituzte; horietako zenbaitek Urola kostarekin lotura zuzena dute.

Erakusketaren aurkezpen modura, ekitaldi berezia antolatu dute datorren astelehenerako, maiatzak 16rako. Azpeitiko egoitzan izango da. 17:55ean txalaparta doinuekin egingo diete ongietorria gonbidatuei. Ondoren, Memoria freskatzen, aurrera begira emanaldia eskainiko dute; eskuhartze motzekin, bideoekin, argazkiekin eta bertsoekin osatutako emanaldia. Azkenik, mokadutxoa eskainiko dute.

Sindikatuaren mendeurreneko ekitaldi nazionala Bilbon egingo dute, ekainaren 11n, Miribilla frontoian.

Atzera begira

Memoria freskatzen, aurrera begira emanaldia "hainbat desio eta asmorekin antolatutako" emanaldia dela adierazi dute. "Sindikalismoaren historia langile elkartasunaren historia" dela zehaztu dute. Hori hala, "omenalditxoa egin nahi diegu historian zehar eta gaur egun ere langile klasearen alde militatu eta militatzen duen jendeari". Baztertuei ere protagonismoa eman nahi diete, "emakumeei, etorkinei eta abar".

Emanaldia osatzeko hiru garairi erreparatu diete. Ehun urte egin dute atzera lehenbizi, Azkoitiko orduko giroa, industrializazioaren ezaugarriak, eta emakumeen soldatak aztertzeko. "ELAk 1920an Azkoitian egin zen greban parte hartu zuen, ziurtatu dezakegu". Ondoren, 60. hamarkadari jarri diote arreta: "Urola Kostak protagonismo handia izan zuen ELAren garapenean". Eta azkenik, egungo egoera aztertu dute. "Gauzak aldatu" egin direla onartzen dute, "baina ez hainbeste".

Jende askoren laguntza

Jende askok hartu du parte emanaldia antolatzeko lanetan. Eskualdeko sindikatuaren historia osatu dute, Zestoako Fabio de las Morenasek egindako grabazioekin edo Andoni Egañak 1920ko Azkoitiko sarraskiari ipinitako bertsoekin, baita Romualdo Larrañaga aspaldiko militanteak eskurarazitako bi dokumentuekin ere. Jasokunde kooperatibaren historia kontatzen duen liburua eta Azkoitiko ELAren herri batzordeak 1979-80ko Epeldeko grebaren ostean banatutako aldizkaria ere jaso dituzte.

Bereziki estimatu dituzte antolatzaileek Orioko Fotos Ramirok eta Zarauzko Photomuseum eta Santi Iruretagoienak utzitako argazkiak. Eta halaxe nabarmendu dute prentsaurrekoan.