Saharar sukaldaritzaren, ipuinen eta sendabelarren ikastaroak antolatu ditu Gazteria Sailak

Uztarria.eus 2011ko mai. 10a, 12:05

.18 urtetik gorakoentzako antolatu dituzte ikastaroak

Maiatzaren 13a, ostirala, baino lehen eman behar da izena

Azpeitiko Gazteria Sailak Saharar sukaldaritzaren, ipuinen eta sendabelarren ikastaroak antolatu ditu. Hiru ikastaroak 18 urtetik gorako herritarrentzat antolatu dituzte, eta izena emateko azken eguna maiatzaren 13a, ostirala, izango da.

Beste kultura bateko jakiak prestatzen ikasi nahi duenak badu horretarako aukera. Saharar sukaldaritza ikastaroa maiatzaren 16an, astelehena, hasiko da, eta zortzi astelehenetan izango da, 18:30etik 20:30era, Goiko Kale 12 behean. Ikastaroak 40 euro balio ditu, baina Gazte Txartela dutenek, ikasleek eta langabetuek 35 euro. Ikastaroa saharar batek emango du.

Ipuinen inguruko ikastaroa ere antolatu dute, guraso, irakasle eta begiraleentzat batez ere. Ahozko komunikazioa eta ipuinen bitartezko heziketa landuko dira besteak beste. Asteazkenetan izango dira saioak, 18:00etatik 20:00etara, eta maiatzaren 25ean hasiko da. Goiko Kale 12 behean izango da ikastaroa. Izena ematen dutenek 35 euro ordaindu beharko dituzte, baldin eta Gazte Txartela, ikaslea edo langabetuen txartela ez baldin badute. Horiei, 30 euro kostatuko zaie. Hezkide eskolako kide batek emango ditu saioak.

Hirugarren eta azken ikastaroa, sendabelarrena izango da. Astearteetan eskainiko dute, 18:00etatik 20:30etara eta ikastaroa maiatzaren 24an hasiko da. Goiko kale 21 behean izango dira saioak, eta Sara Letamendia izango da irakaslea. Ikastaroa egin nahi dutenek 40 euro ordaindu beharko dituzte, eta gazteek, langabetuek eta ikasleek, berriz, 35 euro.

Izena Gazte Informazio Bulegora joanda,943-15 71 60 telefono zenbakira deituta edota gib@azpeitia.net helbidera idatzita eman behar da.