Bildu: "Etorkizuna eraikitzeko prest dagoen herria amestu dugunon garaia heldu da"

Uztarria.eus 2011ko mai. 9a, 14:05
Herritar ugarik atera zuen Bilduren aldeko argazkia. (Gaizka Otamendi)

Joan den zapatuan, hilak 7, Azpeitiko Bilduk agerraldia egin zuen Izarraitz pilotalekuan

Berrehun bat herritar eta Bilduk hauteskundeetarako aurkeztutako hautagaiak elkartu ziren bertan

Joan den zapatuan, hilak 7, Azpeitiko Bilduk hauteskundeetan egongo zela jakin ondorengo lehenengo agerraldia egin zuen.

Berrehun bat herritar eta Bilduk hauteskundeetarako aurkeztutako hautagaiak elkartu ziren Izarraitz pilotalekuan. Eneko Etxeberria Bilduren hautagaiak esan zuenez, "ilusioz eta gogoz bere etorkizuna eraikitzeko prest dagoen herria amestu dugunon garaia heldu da eta hutsik ez dugula egingo agintzen dizuegu".

Etxeberriak jakinarazi zuenez, "herritarren zerbitzura dagoen udaletxea nahi dugu, boterea eta diruaren aginduen aurrean markurtuko ez dena. Gero eta herritar gehiago kolpatu dituen krisia gainditzeko ezer egin ez dutenak gobernutik atera nahi ditugu".

Bildukoek Azpeitian ere aldaketa politiko eta soziala "behar" delakoan daude. "Beste Azpeitia bat" eraiki nahi dute: elkartasunean oinarritzen den herri aske bat.

Etxeberriaren ustez aukera historikoaren "aurrean gaude" eta "ezin dugu" pasatzen utzi: "Azpeititik burujabetzaren aldeko indarrak batuta, gure herria, gure hizkuntza, gure kultura bultzatuko ditugu eta gatazka zaharra konpontzeko gure konpromisoa adierazi nahi dugu".

Ekitaldiaren bukaeran herritarrei zuzendu zitzaien Eneko Etxeberria Bilduko alkategaia: "Zuen laguntza beharrezkoa dugu, antolatutako zuen laguntza, denen botoa eta lana behar dugu. Horretarako maiatzaren 22an denok Bilduren aldeko botoa lortzeko ahalegin guztiak egiteko eskatzen dizuegu".