Auzitegi Gorenak baliogabetu egin du Azpeitiko Bilduren zerrenda ere

berria.info, uztarria.com 2011ko mai. 2a, 01:05

Epaileen bozketa 9-6 geratu da; gehiengoaren ustez, ETAk eta Batasunak zuzendu eta kontrolatu dute koalizioa

Bilduk lehenago iragarri du Auzitegi Konstituzionalera joko duela; bi egun ditu helegitea aurkezteko eta Konstituzionalak ostegun gauerdirako hartuko du erabakia

Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko aretoak baliogabetu egin ditu Bildu koalizioak maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetarako aurkeztutako 254 zerrendak; hau da, guztiak. Azpeitikoa tartean, beraz.

Gaur (igandea) 23:00etan jakin da erabakia. Bederatzi epailek egin dute neurri horren alde, seik kontra. Beste bat zerrenda batzuk ontzat jotzearen alde agertu da.

Aretoko gehiengoaren ustez, ETAk eta Batasunak zuzendu eta kontrolatu dute Bildu. EAk, Alternatibak eta independenteek osatzen dute koalizioa.

Hamasei magistratuak goizeko hamarretatik aritu dira Estatuaren abokatuaren eta Fiskaltzaren inpugnazioak eta Bilduren alegazioak aztertzen, eta gauerdirako hartu behar zuten erabakia.

Gorenak erabakia hartu baino lehen Bilduk iragarri du Auzitegi Konstituzionalera joko lukeela kasu horretan. Bi egun dauzka helegitea aurkezteko, eta Konstituzionalak ostegun gauerdirako hartuko du erabakia, kanpaina ostiralean hasiko baita.