Estatuaren abokatuak dio Azpeitiko Bilduren %20 "kutsatuta" dagoela

Uztarria.eus 2011ko api. 27a, 18:04

Inpugnazio idatziak ez du xehetasunik ematen eta ez du frogarik aurkezten

Koalizioaren beste 45 hautagaitza daude batez beste horretatik gora, Guardia Zibilaren txostenak dioenez; Gorenaren eta Konstituzionalaren jurisprudentziak dio zerrenden kontra jotzeko gutxienez %20k egon behar duela "kutsatuta"

Azken albistea (apirilak 28, 20:30). Fiskaltzak ere Bilduren zerrenda denak inpugnatu ditu; Gorenak larunbat gauerdirako hartuko du erabakia

Espainiako Estatuaren abokatuak gaur Bildu koalizioaren aurka aurkeztutako inpugnazio idatzian dioenez, Azpeitiko Bilduko hogei zerrendakideen artetik %20k ezker abertzaleko legez kanpoko erakundeekin harremanak izan dituzte. Idatziak ez du xehetasunik ematen eta ez du frogarik aurkezten.

Estatuaren abokatuak esaten duenez, Guardia Zibilak irizipide hauek erabiltzen ditu hautagaiak Batasunarekin-eta lotzeko:

  • Espainiako Justiziak legez kanpo edo baliogabe utzitako alderdi, koalizio eta plataformetako hauteskunde zerrendetan parte hartuta egotea.
  • "Terrorismo" delituengatik zigortuta egotea.
  • Legez kanpoko erakundeetako egitura organikoetako kide izatea.
  • HB/EH/Batasuna edo ETA/Ekinekin lotura izandako legez kanpoko erakundeekin bestelako loturak izatea.
  • "Terrorismoa goratzeko" ekimenetan parte hartuta egotea, Gudari Egunean bezala.
  • HB/EH/Batasunaren aktibitate organiko Herri programaren eraketan eta jendaurreko aurkezpenean parte hartzea.

(Guardia Zibilak ez ditu kontuan hartzen legez kanpo edo baliogabe utzitako hautagaitzen alde egindako sinadurak)

Bilduk Hego Euskal Herri mailan maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetarako aurkeztu dituen 3.743 hautagaietatik 391k (%10,44) ezker abertzaleko legez kanpoko erakundeekin hartu-emanak dituzte, Estatuaren abokatuaren arabera.

Espainiako Auzitegi Gorenaren eta Konstituzionalaren jurisprudentziak dio zerrenden kontra jotzeko horietan gutxienez %20k egon behar duela "kutsatuta". Guardia Zibilak dio Bilduren Hego Euskal Herriko 46 hautagaitza daudela %20tik gora —%20a barne—.