EAJ, "gehiengo absolutuaren bila"

Uztarria.eus 2011ko api. 12a, 19:04
Ezkerretik eskubira, Aitor Gorrotxategi, Joseba Egibar, Itziar Lasa, Jesus Larrañaga, Josetxo Aizpuru, Nerea Aldai eta Onintza Etxeberria.

Jesus Larrañaga alkategaiaren aurkezpen ofiziala egin zuten atzo, astelehena, GBBko buru Joseba Egibar bertan zela

Hautagaitzako beste bost lagun ere aurkeztu zituzten: Josetxo Aizpuru, Onintza Etxeberria, Nerea Aldai, Itziar Lasa eta Aitor Gorrotxategi

Agintaldi honetan "blokeo instituzionala" eman da Udalean eta, horrela, "EAJren proiektu garrantzitsu asko atzera geratu dira". Hori saihesteko, eta 2007an "ehun boto eskasera" gelditu zirela gogora ekarriz, datorren maiatzaren 22ko udal hauteskundeetan "gehiengo absolutuaren bila" joango direla esan zuten atzo, astelehena, alderdi jeltzalearen ordezkariek Batzokian.

Han, alkatetzarako hautagai Jesus Larrañagaren aurkezpen ofiziala egin zuten, GBBko buru Joseba Egibar bertan zela. Larrañagarekin batera, EAJren hautagai zerrendan joango diren beste bost lagun ere aurkeztu zituzten: Josetxo Aizpuru, Onintza Etxeberria, Nerea Aldai, Itziar Lasa eta Aitor Gorrotxategi. Etxeberria eta Aldai EAJren zinegotziak dira gaur egun, eta Gorrotxategi ere zinegotzi izandakoa da. Hautagaitzako gainerako izenak datorren astean jakinaraziko dituztela aurreratu zuten jeltzaleek.

Larrañagak, Egibarrek eta Azpeitiko EAJren lehendakari Pello Elortzak hitz egin zuten aurkezpen ekitaldian. Hirurek nabarmendu zuten gehiengo absolutua lortzearen garrantzia -"besteek alboratu eta zokoratu egiten gaituzte", esan zuen Egibarrek- eta, era berean, EAJk ordezkatuko lukeen "abertzaletasun instituzionala" indartzearen aldeko apustua. "Denbora berriak datozela garbi" dauka Larrañagak eta, bere ustez, EAJren abertzaletasun ereduak "etorkizun gehiago" dauka, "biolentziarekin zerikusia izan dutenenak baino". Puntu horretan, Inaxio Uriaren hilketa ekarri zuen gogora, eta orduan "udaletxean isilik" gelditu zirenen jarrera "onartezina" izan zela esan zuen.

"Bakezaleak gara eta herri bat sortu behar dugu bizi eta elkarbizitzeko", azaldu zuen EAJren alkategaiak, hauteskundeetara aurkeztuko duten ideietako bat hori izango dela nabarmenduz. Programan garatuko dituzten beste zenbait ildo ere aipatu zituen Jesus Larrañagak: industriagune berriaren aldeko apustua, etxebizitzak merketzeko Udalarenak diren lurrak erabiltzea (Esklabak), "zaharren egoitzaren arazoa behin betiko konpontzea", saihesbidearen aldeko apustua, emakumeenganako "konpromisoa" edota gazteen formazioa.