German Zelaiaren bertso sorta 'Bota bertsoa' lehiaketako onena

Uztarria.eus | Kultura
2011ko mar. 28a, 12:03

Manuel Agirretxe eta Txillerramendiko Bentatxo izan dira bigarrenak

Guztira 19 bertso sorta jaso dituzte

Aurtengo bertsoaldiaren baitan, Bota bertsoa lehiaketa jarri zuen abian Erniarraitz Bertsozale Elkarteak. Biribilguneak gai hartuta, hiru bertsoko sorta osatu behar zituen parte hartzaile bakoitzak eta herriko taberna desberdinetan zeuden itxulapikoetara bota.

German Zelaia izan da lehiaketako irabazlea, epaileek aho batez hala erabakita. Bigarren, berriz, Manuel Agirretxe eta Txillerramendiko Bentatxo izan dira. Horrenbestez, Zelaiak Letea Jatetxean bi lagunentzako afaria irabazi du, eta Agirretxek eta Bentatxok 2009ko txapelketa nagusiko liburua eta DVDa. Guztira, 19 bertso sorta jaso dituzte.

Sari banaketa joan den ostiralean egin zuten, Letean, errezildarrek eta azpeitiarrek jokatu zuten bertso erronkako botoak jaso bitartean.

Hona bertso-sorta irabazlea:

.1. Aurrera atera zuten

zeukaten proiektu mota,

puntu batzuk aldatzeko

nahiz egin genun borroka,

alferrikan joan ginen

alkateai ate joka,

aurkeztutako puntuak

denak pikutara bota,

tinko mantentzen zuen hark

agintearen erronka,

egin-egin beharra zegon

ez geunden rotondan kontra,

eman behar banuke gaur

egindako obran nota,

interesen garaipena

arrazoiaren porrota.

.2. Rotonda honek baditu

esames batzuk piztuak,

balantzan jarriak daude

txaloak eta txistuak,

bi atzerritar lanean

beraientzat arriskuak,

sei gorbatadun begira

hoiek bai tipo listuak,

aurrekontu bat bazegon

bikoiztu dira gastuak,

gorbatak izango ziren

oraingo inprebistuak,

politika ta eraikuntza

biak dauzkagu nahastuak,

lurrarekin gutxiena

zikintzen dira eskuak.

.3. Alde ona bilatzea

behar bada komeni da,

nahiz zabal zabalik egon

nahi ta ezinan herida,

rotonda honetan ere

beste rotonden harira,

gurpil-hots eta tronpoak

laster iritsiko dira,

Zabaletxeko muinotik

zer nolako ikusmira,

honek hartu bailezake

rally sprintan distira,

inork minik hartu gabe

talkak egongo balira,

tailer hutsak betetzeko

balioko du sikira.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu