Zezen-plazan ikuskizuna, maratoi erdia borobiltzeko

Uztarria.eus 2011ko mar. 18a, 20:03
Txetxu Urbieta, Julian Kortajarena Kirol zinegotzia, Agustin Jimenez eta Aimar Irigoien, hilaren 27ko jaialdiaren aurkezpenean

Mariano Haroren errekorra hausteko ahalegina, Aimar Irigoienen marka ahalegina eta Azpeitia Azkoitiaren kontra trindoorrean, martxoaren 27rako eskaintza

Haro bera eta Iruntxiberri omenduko dituzte ekitaldian zehar

Martxoko azken asteburua bete-betea izango da herrian kirolzaleentzat. Hilaren 26an, zapatuan, maratoi erdia izango da. Eta, Diego Garciaren oroimenezko lasterketa antolatzeaz arduratzen direnen eskutik, igandean hitzordua zezen-plazan izango da. Mariano Haroren errekorra hausteko ahalegina, Aimar Irigoienen marka ahalegina eta Azpeitia Azkoitiaren kontra trindorrean; horixe izango da martxoaren 27rako eskaintza. 12:30etan hasiko da kirol ikuskizuna zezen-plazan.

Atzo, osteguna, aurkeztu zuten zazen-plazako jaialdia antolatzaileek.

Afrikarrak Harorena hautsi nahian

Mariano Harok (Palentzia, Espainia, 1940), Espainiako atletarik nabarmenena izandakoak, zezen-plazan lastertutako 10 kilometroen errekorra ezarri zuen orain dela 34 urte, 1977an, Tolosan. Harrezkero bat baino gehiago izan dira 29 minutu eta 52 segunduko marka hura hausten saiatu direnak, baina lortu gabe. Azpeitian bertan orain dela 20 urte, 1991n, oso gertu geratu zen Ezekiel Bitok keniarra; segundu bakar batengatik ez zuen berdindu Haroren marka.

Orain, afrikar jatorriko beste bi korrikalari ahaleginduko dira Haroren marka hausten. Ali Hasan Mahboob izango da horietako bat. Keniar jatorriko bahreindarra -Silas Kirui zuen izena, Keniako herritartasuna matendu zuen bitartean- 5.000 eta 10.000 metroko lasterketetan da espezialista. Asiako Jokoetan txapeldun izana da, eta Pekingo Olinpiar Jokoetan 10.000 metroko finalean hartu zuen parte. Mahboobekin batera ariko den atletaren izena "hurrengo astean zehar" emango dute jakitera, antolakuntza taldeko Agustin Jimenezek atzo esan zuenez. Jimenezek aurreratu zuen, hori bai, astebukaera honetan Punta Umbrian (Huelva, Espainia) jokatuko den Munduko Kros Txapelketan parte hartuko duen atleta bat izango dela.

Bi atletak aterako dira marka haustera, eta ez bat besteari erbi-lana egitera. "50 metroko aldearekin abiatuko dira, bat plazaren alde batetik eta bestea bestetik, ziklistek belodromoan egiten dutenaren antzera", azaldu zuen Jimenezek.

Errekor ahalegina egingo duten atletek ikusle berezia izango dute harmailetan: Mariano Haro. Haro bera eta Iruntxiberri -koinatuak dira- omenduko dituzte ekitaldian zehar.

Irigoien Zelairena hautsi nahian

Mariano Harorena ez da martxoaren 27an Azpeitian jokoan jarriko duten marka bakarra. Jose Antonio Gisasola Zelai harrijasotzaileak orain dela 26 urte ezarri zuena ontzen saiatuko da Aimar Irigoien. 125 kiloko zilindro zaharrarekin, bost minutuko txanda bakarrean, 40 altxalditik gora egitea da Errezilgoaren helburua.

Azpeitia eta Azkoitia, elkar hautsi nahian

Zezen-plazako kirol jaialdiaren hirugarren osagaia trindoor lehiaketa izango da. Euskadi Irratia, Txetxu Urbietak zuzentzen duen Hiru Erregeen Mahaia saioaren barruan, orain dela hiru urte hasi zen lehiaketa honekin. Ergometroa, bizikleta estatikoa eta korrika egiteko zinta tresnatzat hartuta, orain arte areto itxian egin izan diren probak aire librean, zezen-plazan, ikusi ahal izango dira martxoaren 27an. Ergometroa eta bizikleta estatikoa mantendu egiten dira, baina korrikalariak plazako ondar gainean ariko dira.

Trindoor berezi horrek Azpeitia eta Azkoitia jarriko ditu aurrez aurre. Mikel Sagardogi (ergometroan), Unai Iparragirre (bizikletan) eta Xabat Manzisidor (korrika) izango dira Azpeitiko taldea osatuko dutenak. Azkoitikoan, berriz, Jon Unanue, Javier Unanue eta Joseba Agirre izango dira partaideak.

Sarrerak salgai

Martxoaren 27ko hitzordurako sarrerak salgai jarri dituzte jada. 14 urtetik beherakoek ez dute ordaindu beharrik izango, 14 eta 18 urte tartekoek 5 euro ordaindu beharko dute eta hortik gorakoentzako, sarrerak 15 eta 25 euroren artean salduko dituzte. Bezperako maratoi erdian parte hartu eta zozketan saririk gabe geratzen diren guztiek deskontua izango dute, igandean zezen-plazako jaialdia ikusi nahi badute.

Azpeitian Juantxo Txikin, Pastorkuan, Eguzkitzan, Mendizabalen eta AƱotan eros daitezke sarrerak; Azkoitian, Ixidron eta Errexilen; Tolosan, Kantabrikon; eta, Aian, Iturriozenan.