Adinekoak, ahots bakarra helburu

Urola Kostako Hitza 2011ko mar. 17a, 18:03

Baigera Elkarteko bazkideak, joan den asteko batzarrean (OLATZ PRAT)

Urola Kostako Jubilatu eta Pentsiodunen Elkarteen Federazioak, zerbitzuak hobetzeko helburuz, eurei dagozkien gaietan erakundeek kontuan izan ditzatela aldarrikatu dute

Subjektu aktiboak izan nahi dute, taldearekin zerikusia duten jarduera, programa eta egitasmo guztietan "hasiera-hasieratik parte hartzeko"

Mundu osoan gertatzen ari den bezala, eskualdean ere gero eta gehiago dira erretiratu eta pentsiodunak. Ondorioz, haiekin lotutako zerbitzu eskaerak ere areagotzen ari dira. Baina sarritan euren ahotsa entzunarazteko zailtasunak izaten dituztela aitortzen dute. Hori dela-eta, eskualdeko Jubilatu eta Pentsiodunen Elkarteen Federazioa eratu zuten duela bi urte, Garatzen izenekoa, kolektiboaren helburuak lortzeko orduan, eraginkortasun handiagoa izateko helburuarekin.

Aktiboki parte hartu nahi

Eskualdeko erretiratu guztiek behar komunak dituzte, baina zera onatzen dute: "Ez dugu jakin helburuak bateratzen". Kideen ustez, kolektiboak ez dauka erakundeen aurrean ordezkatuko dituen azpiegiturarik; erakundetan ez dute ordezkaritza "erreala" daukan solaskiderik. Horregatik, beharrezko ikusten dute erakundeen aurrean "kolektiboak ahots bakarra izatea, hori ona baita bai kolektiboarentzako, baita erakundeentzako ere".

Argi diote kolektiboaren jarrera ez dela dena eginda ematea eskatzearen aldekoa: "Gure jarrera gure etorkizunarekin zerikusia duten ekintzetan eta proiektuetan parte hartzekoa eta laguntzekoa da, ez baitugu uste gure adinean pasiboak izan behar dugunik, eta laguntzak jaso soilik. Aktiboki hartu nahi dugu parte, zahartzen ari garenon bizi kalitatea hobetzeko bidean".

Garatzeneko lehendakari Felix Urangak hala dio: "Guri dagozkigun gaiak eztabaidatzerakoan eta erabakiak hartzerakoan erakundeek kontuan har gaitzaten nahi dugu". Bazkideei orain arte eskaini dizkieten zerbitzuez gain, beste urrats bat egin nahi dute kolektiboko kideek -tartean dago Azpeitiko Baigera-. "Subjektu aktibo izan nahi dugu, erakundeek (udalak, Aldundia, Eusko Jaurlaritza) eskaintzen dituzten, eta gure egoeran dauden pertsonentzat bizitza duina erdiestera zuzenduta dauden zerbitzuetan".

Bizitza duina esatean, "hainbat alderditan zentzuzko maila bat bermatuta edukitzea" esan nahi dute: "Sarrera ekonomikoak, etxebizitza duina, gizartean parte-hartzea eta gizarteratuta egotea edo osasun zerbitzuak, esaterako". Horrenbestez, beren helburu nagusia eskaintzen zaizkien zerbitzuak hobetzea da. "Baina hori lortzen laguntzea gure lana ere bada".

Bestalde, subjektu aktiboak izan nahi dute, taldearekin zerikusia duten jarduera, programa eta egitasmo guztietan "hasiera-hasieratik parte hartzeko". Parte-hartze hori erakunde publikoekin "lankidetza arduratsu batean oinarriturik egotea" nahi dutela diote federazioko kideek.

Ordezkaritza sendoa

Garatzenen ustez, Gipuzkoako erretiratuen eta pentsiodunen elkartea da gaur egun ordezkaritza sendoena duena. "Baina aisialdiari soilik dagozkion gaiak jorratzen ditu nagusiki. Hala ere, aisialdiaz gozatzeko ezinbesteko diren gainerako beharrak gero eta gehiago dira, erakundeek horietan lan egiten badute ere".

Garatzenen asmoa da herrietako egoitza guztiak Adinekoen Kontseiluan sartzea. Izan ere, egoitzetako bazkide guztiak ez dira herrietako adinekoen kontseiluetako kide egun. Denak talde bakarrean bilduz gero, ordezkaritza "errealagoa eta sendoagoa izango da, eta koordinazioa eta komunikazioa nabarmen hobetuko da". Berrantolaketa honekin, kolektiboak badu zer eskainia: "Geu gara gure beharrak ondoen ezagutzen ditugunak, eta ezaguera eta esperientzia hori eskain dezakegu". Bestalde, taldearen sektore handi batengana zuzenean iristeko ahalmena izango lukete; "eta hori oso garrantzitsua da ezarritako zerbitzuen edozein diagnosi edo azterketa errealista egin ahal izateko". Motibazioa nabarmentzen dute gainera: "Erdietsitako lorpenen onuradun nagusiak izateak edo, lorpenik ezean, kaltetu nagusiak izateak sorrarazten duen motibazioa".