Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiak zirkuitu azkarragoa izango du aurten

Urola Kostako Hitza | Kirolak
2011ko mar. 15a, 18:03

Martxoko azken larunbatean, hilaren 26an, izango da lasterketa

Dagoeneko 700 lagunek eman dute izena Diego Garciaren oroimenezko proban parte hartzeko

Antolatzaileak, babesleak eta Diego Garciaren senitartekoak, gaur Loiola Hotelean eginiko aurkezpen ekitaldian (IRENE ELORZA)  Argazki originala

Zirkuituan hainbat aldaketa eginda dator aurtengo Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia. Korrikalari profesionalen, zaletuen eta herrikoien neurrira egindako ibilbidea prestatu dute antolatzaileek eta, horretarako, hainbat aldapa kendu eta desnibel gutxiago duen zirkuitua prestatu dute.

Martxoaren 26an egingo da gero eta ospe handiagoa duen proba. Urtero moduan, Diego Garcia atleta azkoitiarraren oroimenez egingo da Azkoitia eta Azpeitia arteko maratoi erdia. "Badira 10 urte proba honetako izarra itzaldu zela, baina bere sena indar handiz sentitu daiteke martxoko azken larunbatero, jende askoren ekarpenari esker", adierazi dute antolatzaileek gaurko aurkezpen ekitaldian.

Urteroko usadioari jarraituz, 1 zenbakidun dortsala Diego Garciaren familiari emango diote eta haren oroimenez minutu bateko isilunea gordeko da Azkoitiko irteeran, 16:15ean.

Aurten, Diego Garciaren bi lagun omenduko dituzte: Abel Anton eta Martin Fiz. Kirolari eta pertsona bezala duten maila aitortzeaz gain, Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiaren alde egin duten ahalegina eskertu nahi diete: "Ia dena irabazi duten korrikalari bikain hauek ahalegina egin zuten beraien izena gure probaren palmaresean ezartzeko".

Mailari eutsi eta hobetu

Erakunde pribatu zein publikoei esker, aurtengo probak aurreko urteko aurrekontua eta eskaintzen dituen zerbitzuei eustea lortu du. "Hamazortzi urte igaro dira hasi ginenetik, baina urtez urte hobetzeko asmoa dugu eta Estatuko lasterketen artean onenetakoa garela esan dezakegu", adierazi du Agustin Jimenez antolatzaileak.

"Urtetik urtera nobedadeak daude eta urratsez urrats maratoi erdia handituz doa", esan du IƱaki Galdosek, Gipuzkoko Foru Aldundiko Kirol diputatuak.

Parte-hartze zabala

Epea zabaldu zutenetik, 700 lasterkari inguruk eman dute izena 21 kilometroko proban parte hartzeko. Internet bidez eta hainbat dendetan eman daiteke izena. Aurten, eta nobedade gisa, lasterkariek euren txiparekin parte hartu dezakete. Ondorioz, kuota desberdinak jarri dituzte.

Keniarrak faborito

Elitezko kirolarientzako zein zaletuentzako proba izanik, parte-hartzaileen lanak erraztuko dituzten erbiak egongo dira aurten ere. Gasteizko 42195 atletismo taldeak eta Azkoitia-Azpeitiko Xeye eta Raka taldeetako partaideek hainbat denbora finkatuko duten lasterkariak izango dituzte maratoi erdian.

Elitezko lasterkariei dagokionez, iaz bigarren sailkatu zen Mark Kiptook proban parte hartuko duela baieztatu du. Keniarra maratoi erdia ordubetean egiteko "tematuta" dagoela eta lasterketa bereziki prestatzen ari dela jakinarazi dute antolatzaileek. Harekin batera faboritoen artean izango da Gideon Lekumok Ngatuny gazte keniarra. "Asmeronek proban ezarritako marka haustera dator", esan dute.

VIII. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia: datuak

  • Eguna. Martxoaren 26a, larunbata.
  • Ordua. 16:30, Azkoititik abiatuta.
  • Ibilbidea. 21 kilometro.
  • Izen-ematea
    • Internetez. Martxoaren 24a arte: www.kirolprobak.com eta www.sarralle.com/media-maraton webguneetan. 17 euro (txipa edukita) eta 20 euro (txiparik gabe).
    • Dendetan. Azpeitian, Aradi eta Aitzaki; Azkoitian, Plaza Berri Sport; Bilbon, Bikila; Gasteizen, Gaikar Kirolak; Donostian, Apalategi eta Gaikar kirol dendetan; eta Zumarragan, Apalategin. 19 euro (txipa edukita) eta 22 euro (txiparik gabe).

Lasterketaren aurreko astean izen-ematea 5 eurotan garestitzen da kasu guztietan.

  • Zerbitzuak
    • Autobusak. Korrikalariak irteerara eramateko zerbitzua, 15:00etatik 15:45era bitartera.
    • Dortsalak eta arropak. Dortsalak txipekin batera lasterketa egunean banatuko dira Azkoitiko Julio Urkijo kalean (irteera ondoan), 12:00etatik aurrera. Arropa jasotzeko zerbitzua egongo da bertan.
    • Haurtzaindegia. 3-8 urtera artekoei zuzenduta, doan. Ordutegia: 15:00etatik 19:30era. Tokia: Sanjuandegiko Txiki-Txoko ludoteka. Aldez aurretik egin behar da eskaera-erreserba 943 150095 telefonoan edo kirolak@azpeitia.net helbidean.
    • Aldagelak eta dutxak. Azpeitiko igerilekuan.
Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu