Hamaikabat, udal hauteskundeak prestatzen

Uztarria.eus 2011ko mar. 11a, 21:03
Ezkerretik eskubira: Jose Ramon Guridi, Pello Gonzalez, Pilar Etxabe, Aitor Aranguren, Juana Mari Astigarraga, Maite Etxaniz eta Iñaki Galdos.

Alderdiko foru diputatuak Urola Erdiko hautagaiekin elkartu ziren atzo Azpeitian

Azpeitiko alkategaiak, Aitor Arangurenek, "bakarrik aurkeztuko" direla berretsi du

Udal eta foru hauteskundeak gerturatzen ari dira -maiatzaren 22an izango dira-, eta alderdiak zita horri begira lanean ari dira.

Atzo, osteguna, aurre-kanpainari irekiera ez-ofiziala eman zion Azpeitian Hamaikabatek. Alderdiko foru diputatuak Urola Erdiko hautagaiekin elkartu ziren atzo Azpeitian. Iñaki Galdos Kirol eta Kanpo Ekintzako diputatua, Jose Ramon Guridi Berrikuntza diputatua, Maite Etxaniz Gizarte Politikako diputatu eta Urola-Deba barrutiko Batzar Nagusietarako hautagaia, eta Pello Gonzalez Ogasun eta Finantza diputatu eta H1!-en diputatu nagusirako hautagaia, Azpeitia, Zumaia eta Zestoako hautagai diren Aitor Aranguren, Pilar Etxabe eta Juana Mari Astigarragarekin elkartu ziren, herri, bailara zein lurralde mailako hauteskunde programak lantzeko asmoarekin.

Arratsaldean, prentsaurreko agerraldia egin zuten. Pello Gonzalezek egun H1!-ekoak diren ordezkariek Gipuzkoako Foru Aldundian azken lau urteotan egindako lana goraipatu zuen, sail bakoitzaren jardunari errepasoa emanez. "Betikoak gara, lehen EAn ginenak, baina EAk alde batera utzi dituen ideie eutsi dietenak", esan zuen Gonzalezek.

"Pixkat lo hartuta"

Aitor Arangurenek, Azpeitiko alkatetzarako hautagaiak, atzokoa bezalako elkartzeen garrantzia nabarmendu zuen, "lurralde ikuspegia" herri eta bailaretatik abiatuta indartzeko.

Herrira eta bailarara etorrita, "egun bailarak hainbat arlotan lo hartu" izanaren "sentsazioa" dutela esan zuen Arangurenek. "Motelduta" ikusten du Azpeitia eta, programa oraindik zehazten ari badira ere, "aktibitate ekonomikoari eta politika sozialei udaletxeek kasu gehiago" egitearen beharra aipatu zuen: "Azpiegiturak, garraioa, errepideak... Pixkat aislatu egin gara, hori da gure sentsazioa. Kultur eta kirol mahaiak ondo daude, parte-hartzean indarrak jartzea ondo dago, baina baita esandako kontuetan ere".

Mahaikideei hauteskundeetan EAJrekin batera aurkezteko aukerak hor al dirauen galdetuta, Aranguren bera izan zen hitza hartu zuena. "Esan dugu bakarrik aurkeztuko garela eta horretan ari gara, programa lantzen eta jendea biltzen", berretsi zuen Hamaikabaten Azpeitiko alkategaiak.