Manuela Segurola: "Oso handia izan da; kalean nindoala autoak nola irauli diren ere ikusi dut"

Berria.info 2011ko mar. 11a, 17:03

Moja urrestildarra Tokion bizi da, eta kalean harrapatu du Japonia astindu duen lurrikarak

"Atzerrira deitu dezakegu, Euskal Herrikoekin hitz egiteko modua dugu, baina hemen bertakoen artean ez"

Manuela Segurola urrestildarra Tokion bizi da, eta kalean harrapatu du Japonia astindu duen lurrikarak. "Izozkia erostera atera naiz eta bat-batean sekulako dardara sentitu dut. Babes toki batera joan naiz, eta orduan konturatu naiz oso handia zela. Auto asko nola irauli diren ikusi dut, eta eraikin asko nola puskatu diren ere baiĀ… Izugarria izan da", agertu dio Berria.info-ri.

Segurola moja da eta bere konbentura itzultzea lortu du. "Gure egoitzan ez dago kalterik. Gasa kendu digute, baina argindarra badugu". Toki askotan argindarrik gabe daudela kontatu du ordea, eta telefono lineak ez dabiltzala. "Atzerrira deitu dezakegu, Euskal Herrikoekin hitz egiteko modua dugu, baina hemen bertakoen artean ez". Ondorioz, bere auzoaz haratago egoera zein den jakiterik ez du, oraingoz. Une honetan nahasmena eta informazio eskasia nagusi direla kontatu du Segurolak, eta etxe barruan daudela. Kalean supermerkatuak eta bestelako egoitzak itxi egin dituzte, "eraikin asko apurtuta eta erortzeko arriskuan daudelako".

Japonian izan den lurrikararen informazio gehiago, Berria.info webgunean.