Mozorro lehiaketan parte-hartzaile ugari

Urola Kostako Hitza 2011ko mar. 9a, 11:03
'Joxelito'-ko neskek sari nagusia irabazi zuten. (Olatz Prat)

Bururik gabeko sukaldaria izan zen banakako mozorroetan garaile

Taldekakoetan, berriz, Joxelito gozoki denda irudikatu zuten neskek irabazi zuten saria

Karnabaletako argazki bilduma ikusteko egin klik hemen

Astelehen gauean ez ohiko itxura hartu zuen herriko plazak eta udaletxeko pleno aretoak, helduen mozorro lehiaketako sari banaketan. Nabari zen, bai, hego haize epela.

Mozorro onenak aukeratzea "oso zaila" egin zitzaien epaimahaikideei, taldeetan "taldeetan asko baitzeuden saria irabazteko modukoak". Azkenean, banakako mozorroetan garaile bururik gabeko sukaldaria izan zen (200 euroko saria), bigarrena, berriz, kaiolaz jantzita zihoan bikotea (150 euro) eta hirugarrenak bandako zuzendariz zihoazenak (125 euro).

Taldekakoetan 1.000 euroko sari potoloa Joxelito gozoki denda irudikatu zuten neskek irabazi zuten. Bigarren, baserritarrak izan ziren. Oilo eta guzti igo ziren udaletxera 800 euroko saria jasotzera. Hirugarren postuan haurrez eta helduez osatutako batukada taldea gelditu zen, eta 600 euroko saria irabazi zuten. Kantuz eta dantzaz girotutako ijitoen ezkontzak eta artzain, ardiz eta otsoz osatutako artaldeak laugarren eta bosgarren postuak eskuratu zituzten hurrenez hurren; afari eder bana irabazi zuten bi talde horiek.

Azkenik, inauteri giro onenaren 300 euroko saria Charlie Chaplin tabernak irabazi zuen. AC/DC taldea gai hartuta apaindu zuten taberna.

Karnabaletako argazki bilduma ikusteko egin klik hemen .