Sustraiko Inauteriak plazara

Urola Kostako Hitza 2011ko mar. 3a, 19:03

Euskal Inauterietako hainbat pertsonaia irudikatzen dute Ikasberriko kideek. Esaterako, Txatxoak. (IKASBERRI)

Hamaseigarren urtez, Azpeitiko Ikastola Ikasberrik Euskal Inauterien jaialdia antolatu du, Inauterien sustraiak ezagutarazteko

Biharkoak, Kilometroen aldekoa izanik, inoizko parte-hartze handiena izango du; jaialdia amaitutakoan, txotxa izango da Azoka plazan

Inauterietarako ordu gutxi batzuk baino ez dira falta eskualdean, eta horiek mila eratara bizitzeko aukera izango da egunotan. Oso modu berezian biziko dituzte aurten Inauteriak, berriz, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasle, irakasle eta gurasoek. Izan ere, hamaseigarren urtez Euskal Inauterien festa ospatuko dute, aurtengoan Kilometroak 2011ren alde. Bihar, ostirala, egingo dute jaialdia, 18:30ean hasita. Olazko Andre Mariaren plazatik abiatuta kalejira egingo dute eta, ondoren, Izarraitz pilotalekuan izango da ekimen nagusia.

Hitzordu garrantzitsua izango da, inoizko parte-hartzerik handiena izango baitu Euskal Inauterien kalejirak eta jaialdiak. Haur Hezkuntzako bigarren mailatik hasi eta Batxilergoko bigarren mailara bitarteko ikasleek ez ezik, aurtengo jaialdian, ikasle ohiek, gurasoek eta Itsasi Dantza Taldeak ere hartuko dute parte festan.

Azpeitiko Ikastola Ikasberri sortu zenetik, urtero antolatu izan dute jaialdi hau, eta gero eta arrakasta handiagoa lortzen joan da. Hori horrela, gaur egun, Inauterietako udal egitarauan txertaturik dago ekitaldia.

Euskal Inauterien festa, batez ere, asteetako ahaleginaren eta ilusioaren fruitua da. Izan ere, Begoña Atxega ikastolako musika irakaslearen aginduetara ordu asko pasatu dituzte azken asteotan guraso, irakasle, ikasle eta parte-hartzaile guztiek dantza eta koreografiak ikasten.

Ikasleez gain, Itsasik Zuberoako Maskarada antzeztuko du eta Itsasiko ttuntturroak LH4koekin batera ibiliko dira kalejiran. Ikastolako guraso eta ikasleek osatutako dantza taldeak ere hartuko du parte Bolantak antzeztuz, LH1eko ikasleekin batera.

Festaren helburuak euskal inauteria eta pertsonaiak ezagutaraztea da, kanta eta dantza tradizionalen bitartez, Inauterien sustraietara bidaiatzeko.

Pertsonaia kopurua handitzen joan da urtez urte eta, gaur egun, makina bat pertsonaia irudikatzen dute. Zanpantzarra, lastoz betetako panpina handia, Uztaritzen kalez kale ibili ondoren, epaitua, kondenatua, fusilatua eta errea izaten dena; Bolantak, Nafarroa Behereko inauterietako kabalkadan parte hartzen duten pertsonaia ezagunenak eta ikusgarrienak; Txatxoak, Miel Otxin lastozko panpin handia epaitu eta tiroz hil ondoren erre egingo duten pertsonaiak dira, eta oihuak eta dantza dira euren portaeraren ezaugarri nagusiak; Kotilungorriak, umeak izutzen eta etxeetako dirua biltzen jarduten duten Uztaritzeko inauterietako pertsonaiak; Ttuntturruak, Iturengo eta Zubietako inauterietako pertsonaiak, joaldunak bezala ere ezagunak direnak; Mamoxarroak Unanuako inauterietako pertsonaia nagusiak eta abeslarienak dira; eta Zakuzaharrak, zakuz eta lastoz bilduta, aurpegia estalirik eramaten duten Lesakako inauterietako pertsonaiak.

Bestalde, Izarraitz Frontoiko jaialdia amaitu orduko, txotxa izango da. 20:00etan izango da hitzordua, Azoka plazan. Norberak bere jatekoa eraman beharko du eta edaria, postrea eta kafea, berriz, bertan eskainiko dituzte. Aurten Ikasberrik antolatuko duen Kilometroen jaiari laguntzeko izango da txotxa.

Begoña Atxega: "Urduri, baina ilusioz beteta daude ikasleak"

Azken entsegu orokorra bukatu berritan hitz egin du Hitza-k Begoña Atxega (Usurbil, 1963) irakaslearekin. Hamasei urte dira Azpeitiko Ikastola Ikasberrin lanean hasi zela eta, beraz, hasieratik ezagutu du ikastetxeak Euskal Inauteriak berpizteko egin duen ahalegina.

Aurten, ikuskizun berezia izango da bai antolatzaileentzat, bai ikusleentzat. 2011ko Kilometroak aitzakia hartuta, mozorroen festa koloretsua sekula baino parte-hartzaileagoa izango da.

Aurtengo jaialdia berezia izango da, jende eta talde gehiagok hartuko baitu parte.

Sekulakoa izaten da eta jendeak erantzun egiten du. Lan boluntarioa egiten dute eta nik ez dakit nola, baina eskatutako guztia lortzen dute. Inplikazio maila handia du ekimenak. Aurten, Kilometroak urtea dela aprobetxatuz, gonbidapena zabaldu diegu Itsasi Dantza Taldekoei eta Luis Alberdi dantza irakasleari gure ikuskizunean parte hartzeko. Itsasiko ttuntturroek eta dantzariek parte hartuko dute, Zuberoako Maskarada egingo dute eta baita Zuberoako Makildantza ere. Luis Alberdiren ikasleek eta ikasle izandakoek, berriz, bolant-dantza egingo dute. Helburua talde hauei gure esker ona ematea zen egiten duten lanarengatik, eta baita ikasleei ere, hor daudelako. Azken finean, gure ikuskizuna oso xumea da, eta parte hartzeko eskatu genienean erantzun oso ona eman ziguten.

Euskal Inauterien tradizioa berreskuratzeko saiakera al da Azpeitiko Ikastola Ikasberrirena?

Betidanik izan da gure helburua euskal kultura indartzea eta, gaur egun, gure ikasleek badakite zein diren Euskal Herriko Inauterietako pertsonaiak. Izan ere, mailaz maila pertsonaia bat aukeratzen da, eta ikasleek, urtez urte, pertsonaia guztiak antzezten dituzte. Haien historia, jantziak, dantzak eta bestelakoak ezagutzeko aukera dute hala.

Nola bizi dute ikasleek Inauterien aurreko prestaketa guztia?

Ilusio handiarekin. Musikaren orduan lantzen ditugu dantzak. Jaialdi bikaina dela badakite, kanpora begira egiten duguna; ikuskizun erraldoia dela jakitun dira. Txikitatik dakite zerbait desberdina dela. Ikusle asko izaten da, aiton-amonak, gurasoak, lagunak... eta beraiek atzeman egiten dute hori.

Gainean dugu egun handia, urduri al daude ikasleak?

Gaur (atzo) egin dute entsegu orokorra eta, nire ustez, urduri baina ilusioz beteta daude. Inplikazioa sekulakoa da. Boluntario asko ere izaten da, DBH3tik hasi eta Batxilergo 2. mailara arte 24 ikaslek eman dute izena aurten. Adin horretako ikasleak direla kontuan izanik, kopuru handia dela esan daiteke. Batzuek dantza egingo dute, besteek erraldoiak eraman eta argazkiak aterako dituzte.

Kalejira bukatutakoan txotxa eta festa giroa izango da plazan; egindako lanaz gozatzeko aukera aproposa izango da zuentzat.

Gozatzeko eta lasaitzeko momentua izaten da, lasaitu eta gauza politak entzuten dira bertan.

Zer esango zenioke kalejiran parte hartzeko aukerarik ez duenari?

Herritar guztiei parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi genieke, ikusle moduan bada ere. Hurrengo urratsa herritar guztiek Euskal Inauterietan pertsonaia gisa parte hartzea izango litzateke, ideala litzateke hori.

Euskal Inauteria 2011

  • LH 4 eta Itsasi. Ttuntturruz mozorrotuta, Ttuntturruen dantza.
  • HH 2-5. Zanpantzarrez jantzita, Txori txiki bat, Korro-korroan, Txulalai eta Ixabel-Ixabel dantzak.
  • LH 1 eta ikastolako dantzari taldea. Bolantaz mozorrotuta, Bolant dantza.
  • LH 2. Txatxoen mozorroarekin, Aulki dantza.
  • LH 3. Kotilungorriz jantzita, No tienes elección dantza egingo dute.
  • LH 6. Mamoxarroz mozorrotuta, Zaldi dantza.
  • DBH 1-2 eta ikasle ohiak. Sorgindantza.
  • Itsasi Dantza Taldea. Zuberoako Maskarada antzeztuko dute.
  • Gurasoak. Zakuzahar mozorroekin egingo dute dantza.
  • DBH 3-4 eta Batxilergo 1-2. Txatxoen mozorroarekin, Gatzelugatxeko martxa.
  • LH 5. Txatxoen mozorroarekin, Ten con ten.
  • Guztiek batera. Biribilketa