Abian da XII. Gazte Asteko kartel lehiaketa

Uztarria.eus 2011ko mar. 1a, 11:03

Lanak entregatzeko azken eguna martxoaren 11, ostirala, izango da

Irabazlearen izena martxoaren 15ean, asteartea, jakinaraziko dute Gazteriakoek

Pazko Astean, apirilaren 26tik 29ra bitartean, XII. Gazte Astea ospatuko dute Azpeitiko Udaleko Gazteria Sailak antolatuta. Gazte Astea iragarriko duen irudia aukeratzeko kartel lehiaketa jarri dute abian.

DBH eta Batxilergoko ikasleek hartu dezakete parte lehiaketan eta irudiaren gaia XII. Gazte Astea da. Diseinuak DIN A-4 neurrikoa izan behar du eta txuri beltzean nahiz koloretan eginda egon beharko dute. Paperean zein CDan aurkeztu daitezke lanak eta gaztelekuan jasoko dituzte. Lanak entregatzeko azken eguna martxoaren 11, ostirala, izango da.

Martxoaren 12an, zapatua, erakusketa jarriko dute gaztelekuan jasotako kartel guztiekin, eta bertara joaten direnek gustukoen duten kartelaren aldeko bozka emateko aukera izango dute. Irabazlearen izena, martxoaren 15ean, asteartea, jakinaraziko dute Gazteriakoek. Irabazleak 70 euroko erosketa txartel bat irabazteko aukera izango dute eta txartel hori Azpeitiko dendetan gastatu beharko dute.