Azurmendik eta Atutxak irabazi dute Urrezko Aizkorako binakako finala

Uztarria.eus | Kirolak
2011ko ots. 28a, 12:02

Kañamares eta Rodriguezek irabazi zuten Zilarrezko Mailako txapela

Gazteen mailan, Otañok eta Zabaletak lortu zuten txapela, 11 minutu eta 15 segundoko denbora eginda

Azurmendi eta Atutxa, Urrezko Mailako irabazleak, txapela jantzita.  Argazki originala

Atzo, igandea, Urrezko Aizkorako binakako finala jokatu zen 12:00etan hasita, Izarraitz frontoian. 600 ikusle inguru elkartu ziren Izarraitzeko harmailetan.

Urrezko mailan, Iñaki Azurmendik eta Aitzol Atutxak irabazi zuten finala, Anjel Arrospide eta Ugaitz Mugerzaren kontra. Lehenengo proba Azurmendik eta Atutxak irabazi zuten, 45 ontzakoa 35 kolpetan erdibituta eta Arrospide eta Mugerzari lau kolpeko aldea aterata. Arrospidek eta Mugerzak irabazi zuten bigarren lana, 60 ontzakoa zutik jarrita 2 minutu eta 36 segundotan bota baitzuten, beste bikoteari lau segundoko aldea ateraz.

Hirugarren proban, bi 45 ontzako 2 minutu eta 10 segundoan moztu zuten Azurmendik eta Atutxak, sei segundoko aldea aterata Arrospide eta Mugerzari. Laugarrengoan, 45 ontzako bat zutik eta bestea etzanda moztu zituzten eta segundo bat murriztu zuten denbora (2 minutu eta 25 segundo) Arropidek eta Mugertzak. Atutxak eta Azurmendik bi 60 ontzakoak 4 minutu eta 39 segundoan moztu zituzten, eta 5 minutu eta 20 segundoan Arrospidek eta Mugertzak. Ia guztia erabakita zegoen ordurako, eta seigarren proban, iraupenekoa, Azurmendi eta Atutxak alde nabarmena lortu zuten.

Lan guztiak 29 minutu eta 19 segundo behar izan zituzten Azurmendik eta Atutxak, eta 31 minutu eta 19 segundo, Arrospidek eta Mugertza II.ak.

Kañamares eta Rodriguez garaile

Zilarrezko mailan, Julen Kañamares eta Jon Rodriguezek irabazi zuten lehia. 17 minutu eta 37 segundo behar izan zituzten horretarako, eta 21 segundoko aldea atera zioten Xabier Dorronsoro eta Aratz Mugerza bikoteari (17 minutu eta 57 segundo).

Otaño eta Zabaleta indartsu

Eneko Otañok eta Mikel Zabaletak erraz irabazi zuten Gazte Mailako txapela. Proba guztietan Eloy Kortxero eta Iker Vicente baino gehiago izan ziren. Orotara, 11 minutu eta 15 segundo behar izan zituzten Otañok eta Zabaletak probak bukatzeko eta 12 minutu eta 41 segundo, Kortxerok eta Vicentek.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu