22 koadrilek hartuko dute parte Gaztetxeak antolatutako kirol txapelketan

Uztarria.eus 2011ko urt. 28a, 12:01

Bihar hasiko da lehia Pala Txapelketarekin

.16:00etan elkartuko dira koadrila guztiak Frontoi Txikian

Bihar, zapatua, hasiko da Gaztetxeak antolatutako koadrilen arteko kirol txapelketa. Pala Txapelketarekin emango diote hasiera lehiari.

.22 koadrilek eman dute izena eta antolakuntzan-eta ibili den Jon Agirrek jakinarazi duenez, "txapelketa antolatzea erronka izan da, antolatzen den lehenengo aldia izan da eta sorpresa handia hartu dugu izena eman duten taldeak hainbeste direla ikustean".

Bihar Frontoi Txikian egingo duten Pala Txapelketan kanporaketak egingo dituzte. Talde guztiak 16:00etan elkartuko dira bertan, eta talde bakoitzak bere palak eraman beharko ditu. Behin txapelketa bukatuta, Gaztetxean afaria egingo dute parte hartzaileek.

Txapelketan parte hartzeagatik koadrila guztiek "puntuak jasoko" dituztela eta uztailera bitartean egingo diren txapelketetan "puntuak banatuko" dituztela adierazi du Agirrek.

Hilabetero kirol eta joko desberdinak

Otsailean, 3X3 saskibaloi txapelketa egingo dute; martxoan, mus txapelketa; apirilean, erratz hockey txapelketa; maiatzean eta ekainean, herri kirolak eta, uztailean, baltsa jaitsiera.