Xanti Rodriguez: "Dendan lanean hasi nintzenean ikusi nuen argazkilaritza zer zen"

Urola Kostako Hitza 2011ko urt. 27a, 10:01
Xanti Rodriguez argazkilariari afizioa ofizio bihurtu zaio.

Argazkigintzako Espainiako Goya sarietarako izendatuta dago; estatuko lehiaketarik garrantzitsuena da hori

"Agentzia txiki bat osatzen joatea da nire ideietako bat"

Xanti Rodriguez (Azpeitia, 1978) argazkilaritza digitalak harrapatu zuen, eta afizioa ofizio bihurtu zaio. Argazkigintzako Espainiako Goya sarietarako izendatuta dago; estatuko lehiaketarik garrantzitsuena da hori. Bere ibilbideari buruz ari da Rodriguez Urola Kostako Hitza-rekin.

Txikitatik datorkizu argazkigintzarako zaletasuna. Noiz harrapatu zintuen irudi munduak?

Txikitatik, beti jarduten nuen marrazkiak egiten. Amak esaten dit goilarea baino lehenago hartzen nuela arkatza. Arte eta Diseinu Eskolan ere ibili nintzen, eta zaletasuna hortik dator, marrazki eta ilustraziotik. Aita argazkilaria izateak, gainera, profesionala ez zen garaian ere, honetara bultzatzen ninduen. Etxean ere hormak argazkiz beteta zeuden, eta bilduma pila bat zegoen. Betidanik gustatu izan zait, beti izan dut irudiak egiteko grina.

Nola joan zara dakizun guztia ikasten?

Marrazteari dagokionean, neure kasa ikasten nuen. Irakasleek kopiatzeko marrazkiak jartzen zizkidatenean ere, nik neuk asmatuak egiten nituen. Bartzelonara joan nintzen 1995ean, eta han ikasi nuen bi urtez aerografia, komikigintza eta argazkilaritza. Argazkilaritzan hemen ikasi dut gehien, egia esan, baina, komikiaz eta ilustrazioaz ikasi nuenak askorako balio izan dit gero. Gurasoekin argazki dendan lanean hasi nintzenean ikusi nuen benetan argazkilaritza zer den. Izan ere, han modelo bat jartzen ziguten, argiak eta dena prest, eta noski, argazkiak onak ateratzen ziren. Baina hona etorri eta kamera bat hartzean konturatzen zara ez dela hain erraza.

Azken bost urteetan, Internetez masterrak eta ikasketak egiten jarraitu dut, baina egunerokoan ikasi dut gehien.

Ikaste prozesua etengabea da, ezta?

Jakina. Duela bost urte ez nuen pentsatu ere egiten gaur egiten dudana egingo nuenik. Lehen argazki bat ateratzen genuen, eta efektuak eskuz egiten ziren, Photoshopa etorri aurretik. Gogoan dut behin, ezkondu zen neska batek begi bat zertxobait handiagoa zuen bestea baino, eta argazkiei banan-banan eman behar izan genizkien ukituak.

Zein da zure ibilbide profesionala?

Bartzelonatik itzultzean, 18 urterekin, dendan hasi nintzen gurasoekin. Hasiern lan zikinak egiten noski, komodin moduan. Gero ezkontzatako argazkiekin hasi nintzen. Egin nuen lehena izugarria iruditu zitzaidan orduan, eta orain ikusten dudanean negargura ematen dit. Zortea izan dut aitak estudioan lan asko egin duelako, asko ikasi dut hortik ere. Orain ordenagailu aurrean egiten dut lan, batez ere. Dendako lanez gain, ikastaroak ematen ditut. 2006an eman nuen lehena, eta ordutik argazkilariei joera eta teknika berriak erakusten dizkiet. Publizitate eta moda lanak ere egiten ditut. Noski, ezkontzatan eta estudiora etortzen diren haurrei ere argazkiak ateratzen jarraitu behar da, horrek ematen baitu, azken finean, bizitzeko dirua. Baina beste gauza batzuekin banatzen dut denbora.

Noiz hasi zinen lehiaketatan parte hartzen?

Lagun batek, 2008an, lehiaketa batera aurkezteko esan zidan. Bigarren gelditu zen nire argazkia. Ondoren, Espainiako Argazkilari Profesionalen Federazioak urtero egiten duen sariketan parte hartu nuen, etxean geneukan bulldog bati ateratako argazkia eta, ezustean, irudi onena hura zela erabaki zuten. Iaz, Europako lehiaketan bigarren gelditu nintzen. Harrituta gelditu nintzen.

Herri txiki bateko argazkilariak, Europako bigarren saria.

Harritu egiten da jendea herri txiki batekoa naizela esaten diedanean. Onena hiriburutan dagoela pentsatzen da beti. Baina, egia esan, Bartzelonara joan nintzen batean ilusioa galdu nuen. Hitzaldi bat eman behar nuen jardunaldi batzuen baitan, eta nik zer egiten dut hemen esanez joan nintzen. Gero ikusi nuen jendeak ez zekiela hainbeste.

Argazkilaritzako Goya sarietarako izendatuta zaude.

Espainiako lehiaketa garrantzitsuena da. Bi urtean behin egiten da, eta moda eta publizitatea arloan izendatu naute. Igandean da sari banaketa, Zaragozan (Espainia). Gorbata jantzita joan beharko dut.

Zer lan aurkeztu dituzu sariketa horretara?

Bi lan aurkeztu ditut. Bata modelo bati aldizkari baterako ateratako argazkia, estilismo oso bereziduna. Bestea, berriz, 3Dko lan bat da. Azkoitiko Oteiza frontoietan Audi R8 bat txertatu genuen, ordenagailu bidez. Lan hauek, lan txikiak dira sariketa honetarako, Coca Cola edo Heineken bezalako marka komertzial handiak aurkezten baitira. Beraz, lanak bidali nituen, baina esperantza handirik gabe. Bulldogaren argazkia ere esperantzarik gabe bidali nuen, baina...

Nolakoa izaten da horrelako lan bat prestatzeko prozesua?

Zilarrezko erregin bat irudikatzeko lana egin dut duela gutxi. Egun oso bat igaro nuen tomak egiteko, argazkiak ateratzeko. Gero beste egun bat, bozetoak eta storyboard-a egiteko. Azkenik, postprodukziorako hilabete inguru behar izan nuen. Autoaren lana, adibidez, astebeteko lana izan zen, baina argazki bakarra zegoelako.

Perfekzionista izan beharko duzu, ezta?

Jakina. Neuretzako egiten ditudan lanetan ez hainbeste, baina luparekin begiratuko duen norbaitentzat bada, bai.

Zenbat da sormena eta zenbat da teknika?

Batzuek esan egiten dizute, edo pistak ematen dizkizute, zer iradoki nahi duten esaten dizute. Bozetoak egin eta pasatzen joaten naiz, eta balekoa ematen didatenean hasten da lan fin hori.

Aurrera begira zein da zure asmoa?

Lan asko badago eta bolumena hartzen joaten bada, agian jendea hartuko dut zenbait lan egiteko. Agentzia txiki bat osatzen joatea da nire ideietako bat.