Helduen danborradan 'Bake bidean' akordioaren puntu nagusiak irakurtzea proposatu du Gernika Sareak

Uztarria.eus 2011ko urt. 14a, 19:01

Akordioaren "sozializaziotik herri aktibaziorako pausoan" prestatu duten ekimenetako bat litzateke San Sebastian bezperakoa

Udal Gobernua "ez dago inondik inora ados" proposamen horrekin, Festetako zinegotzi Jabier Altunaren hitzetan

Azpeitiko Gernika Sarea taldeak sansebastianetako helduen danborradan Bake bidean akordioaren puntu nagusiak irakurtzea proposatu du, "danborzaleek ere, bakea lortze bidean euren ekarpena egitea ahalbidetuz".

Akordioaren "sozializaziotik herri aktibaziorako pausoan" prestatu duten ekimenetako bat litzateke San Sebastian bezperakoa, Gernikan onartutako akordioarekin bat egin duten herritarren ordezkariek azaldu dutenez: "Abenduan zehar, Bake bidean akordioaren edukiak sozializatzen aritu gara. Besteak beste, 2.000 esku-orritik gora banatu dira herritarren artean. Azken batzarrean, urrats berri bat emateko unea dela erabaki da". Horrela, sansebastianetan gauzatu nahi dutenarekin batera, beste ekimen bat ere jarri dute martxan: herrian arlo ezberdinaten lanean ari direnen argazkiak ateratzea, Gernikan sinaturiko akordioari atxikimendua adieraziz. Herritar guztiei luzatu die deia Azpeitiko Gernika Sareak "euren ekarpena egin" dezaten, Bake bidean akordioari atxikimendua emanez eta edukiak zabalduz.

Uztarriak jakin duenez, Bake bidean akordioaren puntu nagusien irakurketa egitea joan den urtarrilaren 11n proposatu zitzaien danborradako taldeetako zuzendariei. Bilera horretan, elkarte eta talde bakoitzak bere erantzuna datorren asteartean, hilaren 18an, ematea adostu zuten.

Udal Gobernuaren desadostasuna

Javier Altuna Festetako zinegotziak, bere aldetik, oharra plazaratu du, Gernika Sareak San Sebastian bezperarako egindako proposamenaren aurrean bere eta EAJk osatutako Udal Gobernuaren desadostasuna agertzeko.

Udal Gobernua "ez dago inondik inora ados" proposamen horrekin, Altunaren hitzetan. "Festak azpeitiar guztionak dira; inork ez lituzke ez patrimonializatu, ez politizatu behar", gaineratu du zinegotzi jeltzaleak, "bakoitzak norbere manifestazio politikoak egiteko" urtean zehar "nahiko denbora" izaten duela argudiatuz. "Utz ditzagun festak denon gozamenerako, alderdikeria polikotik kanpo. Herria anitza da; sentsibilitate eta pentsamolde ezberdinetako jendea bilduko gara une eder horretan eta ez daukagu zatikako testu bat zer entzunik", dio Altunak, aldarria eginez: "Sansebastianak denonak dira, danborradan alderdikeria politikorik ez".