Lagun Onak Mendi Bazkunak bi irteera ditu asteburu honetarako

Urola Kostako Hitza 2010ko aza. 25a, 10:11

Mugarik Muga ekimeneko hirugarren etapa larunbatean izango da, eta gaur da izena emateko azken eguna

Igandean haur eta gaztetxoekin Mendukiloko kobetara egun guztiko txangoa egingo dute

Lagun Onak Mendi Bazkunak bi mendi irteera antolatu ditu asteburu honetarako. Larunbaterako Mugarik Muga ekimenaren baitako hirugarren etapa dute prest. Eta iganderako haur eta gaztetxoentzako Mendukilo kobetara txangoa antolatu dute.

Larunbatean, herriko plazatik 08:00etan irtenda, Ibarbia auzoa-Lasao arteko ibilaldia egingo dute, herriko mugak zeharkatuz. Hemen parte hartu nahi dutenek gaur, osteguna, izena eman beharko dute udaletxean Kultura sailaren bulegoan edota mendizaleetan.

Igandean, berriz, haur eta gazteekin Mendukilo kobetara egingo dute egun guztiko irteera, 09:00etan, herriko plazatik irtenda. Han, besteak beste Larraun ibaiaren hasiera ere ikusiko dute.

Irteeran izena emateko azken eguna gaur da, eta izena mendizaletan edo 'lagunonak@euskalnet.net'-en eman daiteke.