Xanti Alkorta: "'Made In' argazki sesioarekin Euskal Herri tradizionalaren modernizazioa erakutsi nahi izan dugu"

Uztarria.eus 2010ko aza. 18a, 17:11
Hainbat argazkitako estilismoaz arduratu da Xanti Alkorta azpeitiarra. (Made In)

Bartzelonako Euskal Etxeak bazkidetza kanpainarako egin duen argazki-erreportajean estilista lanak egin ditu azpeitiarrak

Bartzelonan ari da jostun ikasketak egiten

Xanti Alkorta (Azpeitia, 1989) jostun ikasketak amaitzen ari da Bartzelonan. Hainbat lanetan dabil buru-belarri, tartean, Bartzelonako Euskal Etxeak bazkidetza kanpainarako egin duen argazki erreportajean estilista lanak egin ditu. Uztarria.com-ek berarekin hitz egin du:

Zertarako egin duzue bazkidetza kanpaina?

Azken urteetan Bartzelonako Euskal Etxeak hainbat ekintza garatu ditu: tailer desberdinak, kontzertuak, literaturarekin zerikusia duten ekimenak, EH Sona jaialdia, zinemaldia, triki-poteoak, antzerkiak... Ekintza hauek guztiak iragartzeko, urtero irudi berria erabili nahi izaten du Euskal Etxeak, eta hilabetero kartel bat ateratzen dute ekintzak iragartzeko.

Argazki-erreportajea egitea nola otu zitzaizuen?

Bartzelonako Euskal Etxeko diseinu arduraduna Igotz Ziarreta bizkaitarra da. Hainbat argazki esperimentu egin izan ditut berarekin eta, orain, Euskal Etxerako argazki-erreportajea egin dugu. Aurretik ere kolaboratu izan dut lehenago Euskal Etxerako argazki sesioetan, eta bera izan zen Made In argazki bilduma egiteko proposamena eskaini zidana.

Zertan datza Made In delakoa?

Made In argazki sesioarekin Euskal Herri tradizionalaren modernizazioa erakutsi nahi izan dugu. Bartzelonako Euskal Etxeak berrikuntza asko izan ditu azken hilabeteotan eta horrekin jokatu nahi izan dugu argazki bilduma egiterakoan. Euskal pertsonaia berriak sortu ditugu horretarako: ballet dantzaria izatea amestu duen abeltzaina, euskal picnic-a, euskal skaterra, euskal nomadak, JoxeMan…

Zein helbururekin egin duzue argazki bilduma hau?

Helburu nagusiena, zer egiteko gai ginen ikustea zen. Sesio handi bat egiten genuen lehenengo aldia izan baita hau. Hasieran ez geneukan argi argazki horiekin zer egingo genuen, proba egitea zen gure helburua.

Zein izan da zure eginbeharra argazki-erreportajean? Hau da, estilismo arduradunak zer eginbehar izan du?

Argazki-sesio batean, estilista baten lana egoera, pertsonaia eta lekuen arteko harmonia lortzea da. Esate baterako, lekua bilatu, atrezzoa jarri, modeloen kokapena markatu, arropak bildu...

Lan handiko proiektua izan al da?

Ez pentsa! Igotz Ziarretakin lortzen dudan lankidetzarekin, erraza izaten da lana egitea. Astebete egon ginen argazkiak egiten; Meñakan, Bakion, Mungian eta Durangon. Lan-karga aldetik, Igotzek argi zeukan zer motatako argazkiak nahi zituen. Oso ondo planifikatuta zuen guztia, eta hori asko eskertzen da.

Hasi al da kanpaina?

Urrian hasi zen kanpaina eta hilabetero kartel desberdin bat aterako da uztailera bitartean. Pertsonaia desberdinak agertuko dira kartel horietan, baina beti izango dute zerikusia euskal kulturarekin.

Gustura al zaude emaitzarekin?

Bai, oso gustura. Momentuan bertan ere oso harro geunden biok egindakoarekin… Gainera, behin argazkiak kaleratuta, jendearen harrera oso ona izan da. Dibertigarriak dira argazkiak eta gure ustez ideia oso argia denez, jendeak erraz ulertzen du erakutsi nahi duguna.

Proiektu hori bukatuta, beste lanik ba al duzu esku artean?

Jostun ikasketak bukatzear nago eta bitartean lagun bati ezkon-soinekoa egin diot. Baditut jantziak egiteko pare bat proposamen, eta aurrera bidean dira hauek ere. Hala ere, ikasten jarraitzeko asmoa dut.