San Tomas Egunean postua jartzeko izena emateko epea ostegunean zabalduko dute

Uztarria.eus 2010ko aza. 15a, 11:11

Txorizo zein etxeko produktuen postua jarri nahi dutenek azaroaren 26rako eman beharko dute izena

Postuen kokapenaren zozketa hilaren 29an egingo dute

San Tomas Egunean postua jarri nahi dutenentzako izena emateko epea zabaldu du Udaleko Festa Batzordeak. Festa egun horretan, abenduaren 21ean, postua jarri nahi dutenek azaroaren 18tik, ostegunetik, hilaren 26ra bitartean izena eman beharko dute udaletxean. Izena emateko edota informazioa jasotzeko Udal Kultur bulegora deitu daiteke: 943 15 70 68.

Postuen kokapenaren zozketa azaroaren 29an, astelehenean, egingo dute Udal Areto Nagusian. 20:00etan hasiko da zozketa.

Etxeko produktuen postuak

San Tomas Egunean etxeko produktuak, hau da, barazkiak, fruituak, loreak, ogia... saltzeko postua jarri nahi dutenentzako ere izena emateko epea zabaldu du Udaleko Festa batzordeak. Izena, hilaren 26a baino lehen eman behar da udaletxean, edota 943 15 70 68 telefonora deituta.