Azpeitiko Udalak atzo jaso zuen Bikain ziurtagiria

Uztarria.eus 2010ko aza. 11a, 13:11

Ezkerretik eskubira, Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburua, Bernabe Unda Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburua, Blanca Urgell Kultura sailburua eta Julian Eizmendi Azpeitiko alkatea ziurtagiriaren b

Donostiako Kursaal Jauregian egin zuten ziurtagirien banaketa, eta Udaleko ordezkariak han izan ziren

Bikain agiria lortu duen lehen Udala izan da Azpeitikoa

Atzo, azaroak 10, banatu zituzten 2009/2010eko Bikain ziurtagiriak Donostiako Kursaal Jauregiko Ganbara aretoan. 44 enpresak jaso zuten ziurtagiria, tartean, Azpeitiko Udalak. Han izan ziren Azpeitiko Udala ordezkatzen, Julian Eizmendi alkatea, Ana Mendizabal Euskara batzordeburua eta Patxi Saez euskara teknikaria.

Azpeitiko Udalak 2009ko azaroan eskuratu zuen Bikain ziurtagiria eta atzo, Kursaalean egindako ekitaldian banatu zituzten ziurtagiriak. Azpeitikoa ziurtagiri hori lortzen duen aurreneko udala izan da. Ziurtagiri horren helburu nagusia, Euskal Autonomi Erkidegoko esparru-sozioekonomikoko erakundeek garatutako hizkuntza-normalkuntzako prozesuek izan duten garapen maila egiaztatzea eta aitortzea da.

2007an Eusko Jaurlaritzak sortu zuen ziurtagiria eta Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioak kudeatzen du. Ziurtagiriak hiru maila ditu: oinarrizkoa, zilarrezkoa eta urrezkoa. Azpeitiko Udalak goi mailakoa edo urrezkoa lortu du.