Azpeitia ere "Gipuzkoako errotondan irlatxoa"

Uztarria.eus 2010ko aza. 7a, 12:11

Julian Eizmendi alkatearen ustez, komunikazio bideen arloan herrialdeko "egoerarik okerrena" Urola bailaran dago; "pisua galtzeko arriskua dauka"

Urolarako bidaiari eta merkantzientzako tren linea behar dela iritzi dio, "egitasmo estrategikoa baita garapenerako"

Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak komunikazio azpiegiturei buruzko iritzi artikulua idatzi du gaur El Diario Vasco egunkarian (Un islote en la rotonda de Gipuzkoa), eta dio Urola bailara —Azpeitia tartean, beraz— "Gipuzkoako errotondan irlatxoa" dela, komunikazio bideen gabezia duelako.

Hona hemen alkatearen artikuluko zenbait pasarte:

  • "Iraurgi bailarak ehundura ekonomiko handikoa eta askotarikoa du, eta aspalditik bertako enpresaburuen gune desberdinak ordezkari publikooi komunikazio bideak hobetzeko ari zaizkigu eskatzen, bailararen etorkizunari baikortasunez eutsi eta aurre egin ahal izateko hori ezinbestekoa delako haien ustez".
  • "Bailarako komunikazio bideen egoera eskasa da. Herrialde historikoko egoerarik okerrena bertan da. Uste dugu Gipuzkoako errotonda proiektuan herrialdearen erdian inkomunikatutako irla bezala gaudela, komunikazio bide handietatik urrun. Horrek bailarak pisua galtzeko eta lurraldea desorekatzeko arriskua dauka".
  • "Bidaiari eta merkantzientzako garraio eredu berria planteatzea nahitaezkoa da, XXI. mendeko tren linea lukeena [Urola bailarak]".
  • "Tren linea horrekin GI-631 errepideko trafikoa arindu egingo litzateke. Bailarak izaera industrial handia duenez, trafiko intentsitate handia du, batik bat trafiko astunarena".
  • "Trenbide proiektu hori martxan jartzea egitasmo estrategikoa da Urola bailararen garapenerako".
  • "Garraio ereduak ez lirateke mugatu beharko. Zarautz-Azpeitia eremuko plan partzialean Zumaia-Zumarraga arteko trena berreskuratzea planteatzen da Urola bailara osoa egituratzeko".