Mikel Aiestaran: "Agentzien lana baino gehiago, herritarren eta lekuko kazetarien usaina batzea gustatzen zait"

Gaur8 2010ko aza. 6a, 13:11

Pasa den urtean Nazioarteko Kazetaritza Saria jaso zuen kazetari beasaindarrak

Azpeitia eta Ekialde Hurbileko "gune beroen" artean bizi da

Mikel Aiestaranek hilabete bat egiten du etxean eta bestea atzerrian, berak dioen moduan, "gune beroetan". Telebistarekin eta komunikabide idatziekin egiten du lan, eta, azken boladan, Internet ere bilakatu du bere lanen zabalpenerako bide. Ekialde Hurbil osoan zehar aritzen da, baina bertako herrialdeen artean kuttun du Iran. "Kazetari bezala politikoki eta estrategikoki tokirik garrantzitsuena dela uste dut". Etorkizunean, gainera, are eta garrantzitsuago bilakatuko dela aurreikusten du kazetari beasaindarrak.

Berriemailearen figura gero eta ahulagoa dela uste du, eta, horren aurrean, euren lana aldarrikatzen du: "Niri beti gustatzen zait herritarrek eta bertako kazetariek ematen didaten usain hori ematea, iruditzen baitzait agentziek ematen duten ukitua baino interesgarriagoa dela".

Kazetaria zara, baina, hori baino gehiago, akaso, bidaiaria. Nondik datorkizu mundua ezagutzeko grina?

Etxean ez dut inor bidaiatzea gehiegi edo bereziki gustatu zaionik, baina nik betidanik izan dut bidaiatzeko grina. Egin nuen lehen irteeretako batean Santiago bidea egin nuen; 18 urte egin, pasaportea atera eta irabazitako lehen diruarekin, berriz, Errusiara joan nintzen. Nire ustez, bidaiatzea oso eskola interesgarria da, batez ere, joaten zaren leku hura ondo ezagutzeko ahalegina egiten baduzu.

Berriemaile izan aurretik erredakzioa ezagutzea ere tokatu zitzaizun, ordea.

Hasiera-hasierarik egun egiten ari naizena egiteko asmoa eta gogoa nuen, baina dirua behar nuen horretarako, eta, horregatik, diseinuan eta diagramazioan aritu nintzen lanean bost urtez; garai hartan lanerako aukera eskaintzen zuen arlo bakarra zen. Ez zen inondik ere nire bizitzako lana, baina lana zen. Egia esan, hala ere, asko ikasi nuen, erredakzioa barrutik ezagutzea era ona baita.

Buruan burrunbaka nuen ideia, ordea, nazioarteko informazioa zonalde beroetatik ematea zen. Orduan, sari bat eman zidaten Iraken inguruan egindako bi erreportajerengandik, eta, hura jasotakoan, erabaki nuen diru hori eszedentzia bat eskatzen eta egin nahi nuena egiteko bidea hartzen inbertituko nuela. AEBetara joan nintzen hasiera hartan, izan ere, egun lantzen ditudan lurraldeetan oso zuzena da herri horren eragina eta hura gertutik bizi eta ezagutzea oinarrizkotzat jotzen nuen.

Beti izan zenuen argi, ordea, Ekialde Hurbileko informazioa landu nahi zenuela?

Bai, oso argi. Bertara joan behar nuela argi izan dut beti. Bertako herritarrek oso gustura sentiarazten naute, seguru sentiarazten naute, eta, gainera, bertan, jihad edo integrismo islamikoarekin duten arazoa konplexua eta interesgarri iruditzen zait. Oso gatazka potentea da Ekialdearen eta Mendebalde arteko gerra.

Zure leku kuttuna, ordea, Iran dela esan izan duzu.

Kazetari bezala politikoki eta estrategikoki tokirik garrantzitsuena dela uste dut, une honetan Ekialde Hurbilean Israeli aurre egiten dion herrialderik indartsuena baita. Bestalde, oso toki segurua da, nazioarteko armadak ez baitaude bertan eta ez da ez bonba-autorik ez bonbardaketarik izaten. Toki garrantzitsua da eta etorkizunean gero eta garrantziagoa izango dela uste dut, gainera.

Komunikabideetan Irango gizartearen irudi oso atzerakoia islatzen da. Nolakoak dira bertako herritarrak?

Irangoa oso gizarte zabala da, baina komunikabideetan saltzen den irudia erregimenak saldu nahi duen hori da. Hori baino askoz gehiago da Iran. Irudi islamiko eta muturreko hori eman nahi dute eta lortu dute, bertara joaten garen kazetariei ere erraztasun gehiago eskaintzen dizkigute-eta hori islatzeko. Beste era bateko informazioa ematea askoz zailagoa da.

Zeintzuk dira topatzen dituzuen trabak?

Iranera, Siriara, Yemenera... joaten zaren unetik badakizu bertan muga batzuk daudela eta horiek pasatzen badituzu kanporatu egingo zaituztela. Onartzen ez badituzu, ez joan. Ezin dena da joan, horiek ez errespetatzeagatik kanporatua izan, eta, gero, kritikan hastea; horretan oso argiak dira. Toki hauetako askotan oso zaila da kamera ateratzea eta ateratzeko baimena behar da, gainera. Onartu behar duzu askotan informazioa izateko eta ez zabaltzeko lan egitea tokatuko zaizula, baina hori ere garrantzitsua da. Barruan egotea oinarrizkoa da, ikusi, bizi eta kontatzeko.

Sumatzen al da aldaketarako ahaleginik?

Irango Gobernua oso gobernu sendoa da; 30 urteko eskarmentua duen erregimena da, zonalde horretan boterean denborarik gehien eman duen sistema. Askotan indarrez erantzuten du, azken hauteskundeetan bezala. Oposizioko jendea kanporatu egin dute. Sistema kolokan dago, ez dago bere momenturik hoberenean, baina aurrera doa. Oso toki konplexua da.

Bertako errealitatea sakonago ezagutzeko beta izan duzu, behintzat.

Ni ez naiz aditua Iranen, edo Afganistanen... Ni toki batera joaten eta oso epe laburrean gauzak kontatzen hasten naiz `aditua'. Hori da, hain justu ere, berriemaile berezi baten lana. Zonalde hau oso konplexua da, bereziki, politikoki. Horregatik saiatzen naiz informatzen eta ez iritzia ematen. Nire iritzia daukat, noski, baina nire lanetan saiatzen naiz hori ez islatzen, nahiz eta saihestezina den hori ere sumatzea.

Azken boladan Sakineh Mohammadi emakumearen kasuagatik izan da Iran komunikabideetan. Zer iritzi duzu kasuaren inguruan?

Nik harreman estua daukat bertako jendearekin. Bertan, kasu hau bereziki, ez zuten oso garbi ikusten. Zalaparta handia sortu da nazioartean, baina ez Iranen barruan; hori ere susmagarria da. Barruko abokatu eta kazetariek ez dute kasu hau nabarmendu, garbi ikusten baitute emakume honek bere senarra hil zuela, nahiz eta zigorrarekin ados ez egon. Mendebaldetik erabili dugu kasu hau, beste asko bezala, Irango Gobernuari eraso egin eta politikoki kolokan jartzeko. Azken batean barruko arazo bat da eta irandarrek konpondu behar dute. Maiz Mendebaldetik etortzen diren injerentziak handiak dira, kasu honetan komunikabideen bitartez, eta, beste kasu batzuetan, Afganistanen esaterako, armada bat bidalita. Emakumeen eskubideen aldarria beste helburu batzuekin baliatzen da.

Nolakoa da emakumeen egoera bertan?

Egia da oso gizarte matxistak direla, baina testuingurua ulertzea guztiz oinarrizkoa da. Iran, inguruko herrialdeekin konparatuta, oso aurrerakoia da: emakumeak unibertsitatera joaten ikusten dituzu, kalean... Mendebaldearen eta Ekialdearen artean dagoen saltoa handia da. Egia da, ordea, emakumeen eskubideak Mendebaldeko sistemak ezartzeko baliatzen direla, betiere, gainera, lekukoen iritzi eta ikuspegiak kontuan hartu gabe.

Zer nabarmenduko zenuke bertako herritarregatik?

Atzerritarrok jasotzen dugun harrera beroa nabarmenduko nuke. Ni, bene-benetan, oso ondo sentitzen naiz bertan. Noski, zibil bezala joaten naiz ni.

Asko bidaiatu duzu zure lanbideagatik, gogoan duzu egin zenuen lehen bidaia profesionala?

Nire kabuz Palestinara joan nintzen, Zisjordania eta Gazara. Hura izan zen nire lehen bidaia profesionala eta bi erreportaje luze egin nituen. Historian kazetariok gaizkien azaldu dugun arazoa da zonalde horretakoa. Zenbat irakurri dudan haren inguruan... Aldiz, benetan bertara joan eta ikusi arte, ez zara zer gertatzen den konturatzeko gai.

Nola bilatzen dituzu iturriak?

Bertako kazetariak iturri onak dira beti, nondik nora mugitu behar den ongi baino hobeto baitakite. Horiek dira nire lehen iturriak. Niri beti gustatzen zait eurak ematen didaten usain hori ematea, iruditzen baitzait agentziek ematen duten ukitua baino interesgarriagoa dela. Horregatik uste dut berriemaile berezien figura, galtzen ari dena, oso garrantzitsua dela. Informazioaren pertsonalizazio hori garrantzitsua da. Nik ez ditut komunikabideak ikusten, pertsonak baizik. Pertsona batek ondo lan egiten badu, bilatu egingo dut.

Zuk "gune beroak" deitzen diezun horietan, zein izan da bizi izan duzun egoerarik gogorrena?

Unerik gogorrena 2006an izan zen. Israelek Libanon egin zituen bonbardaketen berri ematea egokitu zitzaidan eta oso esperientzia gogorra izan zen. Une askotan film batean nengoela zirudien. Profesionalki oso interesgarria izan zen, baina barrutik sekulako eragina izan zuen bai nire pentsamenduan bai nire lan egiteko moduan ere.

Eta pozik handiena eman dizun berria?

Gerra hura bukatu zenean. Ez dakizu zelako lasaitasuna hartu genuen. Esnatu eta bonbardaketarik ez! Oso egun polita izan zen hura; gainera, Beirut bezalako hiriburu koloretsu eta alai batean...

Arazo korapilatsuak direla diozu, baina soluziobiderik ikusten al da epe laburrean eremu haietan?

Azken denboran, Barack Obama AEBetako agintera iritsi zenetik, modan jarri da epeak jartzea; Afganistanen, Iraken... Hori ez da txarra; interesgarria iruditzen zait epeak jartzea helburuak zehazteko. Bestalde, ordea, epeak bilatzeko soluzio azkarrak bilatzen ari garela iruditzen zait eta hori oso arriskutsua iruditzen zait, benetan arazoak oso sakonak direlako. Guretzako soluzio bat izango da agian, baina ez dugu kontuan izaten herri horiek misioak bukatutakoan bene-benetan zein egoeretan geratuko diren. Egun pentsatzen dugu guretzat ona den soluzioa eurentzat ere hala dela, eta, toki hauetan, azken hamar urteotan egin den mina ikusita, ez da sinesgarria. Denbora luzea beharko da, beraz, gatazka berri hauek ixteko. Palestina eta Israelen kasuan, Israelek, indarra duen bitartean, ez du negoziazio premiarik. Egiten duen guztia itxura baino ez da izango.

Buruan gerra berriemaile izateko ideia zenuen eta lortu duzu. Zein elkarrizketa lortzea gustatuko litzaizuke?

Ismail Hania Hamaseko buruzagia edo Hassan Nasrala Hezbolakoa aurrez aurre izatea asko gustatuko litzaidake, batez ere, Nasrala. Aldiz, oso zailak da hori lortzea eta Euskal Herriko eta Espainiako komunikabideak ez gaude lehen mailan.

Seguru asko ez zenuen esperoko, baina iaz sari oso garrantzitsua jaso zenuen: Nazioarteko Kazetaritza Saria.

Egia esan, ilusioz jaso nuen. Bost urte daramatzat lan honetan eta ez nuen espero. Zure burua exigenteago egiteko ere balio du, motibazio handia da.

Noiz arte Ekialde Hurbilean?

Ni irekita nago zonalde berriak probatu edo berriemaile berezi beharrean korrespontsal izateko. Denborarekin gauzak aldatu egin behar direla uste dut.

Etxetik gertu lan egiteko ideiarik ez duzu?

Ni oso gustura joaten naiz etxetik eta oso gustura itzultzen naiz etxera. Niretzat lan hau ez da gogorra; niretzat luxu bat da, nire ametsa. Ni neu Irakera joateko deitzen naute; zer alde txar du horrek?

Zenbait hegazkinetan igo behar izatea, akaso?

Bai, hori bai. Nik, adibidez, Antonov bat ezin dut ikusi ere egin. Hegazkin zaharrak beldur handia ematen didate, eta, hegazkinez ibiltzea da, nire ustez, lanbide honek duen gauzarik txarrena. Enpotratua ibiltzea —soldaduekin batera ibiltzea— 18 edo 19 urteko soldaduekin, oso gogorra da. Gatazkaren alde bat dira eta horrelakoen berri ere eman behar da, baina niri ez zait batere samurra egiten.