Kizkitza Gurrutxaga: "Hemen I+G asko esaten da, baina gutxi egiten da"

Uztarria.eus 2010ko aza. 4a, 20:11
Kizkitza Gurrutxaga, Uztarriaren egoitzan.

Espainiako Erret Akademiak emandako doktoretza-tesi onenaren saria jaso zuen joan den urriaren 20an

Azpeitiko Udalak harrera egingo dio bihar, 19:00etan

Kizkitza Gurrutxagak (Nuarbe, 1981) Espainiako Erret Akademiak emandako doktoretza-tesi onenaren saria jaso zuen joan den urriaren 20an, Madrilen. Harrezkero, urrestildar fisikariaren lanak ikerketa-laborategietatik at ere orain arte ez bezalako oihartzuna izan du. Komunikabideen arreta ez ezik, erakundeena ere piztu du. Urrutira joan gabe, bihar, azaroak 5, harrera egingo dio Azpeitiko Udalak, 19:00etan.

Ikerlari lanaz, jasotako sariaz eta horren ondorioez hitz egin du Gurrutxagak Uztarriarekin.

Karbono kopuru txikiko altzairuen sukeraketa egitean altzairu horien mikroegituraren eta testuraren aldaketa neurtzeko azterketa ez-suntsitzaileak, teknika magnetikoen bidez. Izenburua ere mardula du zure tesiak. Nola azalduko zenuke zure lanaren mamia?

Altzairuaren kalitatea aztertzeko teknika bat da, baina altzairua puskatu gabe, bere propietate magnetikoak neurtuta. Gutxi gorabehera, eta teknika desberdina den arren, pertsonekin erresonantzia magnetikoa egiten denean bezala da; altzairuaren barrua ikusteko balio badu, baina altzairua puskatu edo ireki gabe.

Zer aplikazio edukiko luke teknika horrek?

Hau jada aplikatzen da enpresa batzuetan, altzairu mota batzuekin eta akats jakin batzuekin. Akats bat baino gehiago nahasten direnean sortzen da arazoa; orduan, enpresa bakoitzarentzat aztertu egin behar da zer arazo eduki litzaketen, eta teknika hau nola aplikatu daitekeen. Ez da automatikoki aplikatzen, baina aplikatu, aplikatzen da eta enpresa batzuetan erabiltzen dute, produkzioa amaitu aurretik altzairuen akatsak detektatu ahal izateko.

Zure tesiak zer ekarpen egin dio aipatzen duzun teknikari?

Nik tesian egin dudana da, dagoeneko aplikatzen hasita dagoen teknika horretan aurrerapauso bat ematea.

Enpresak eta altzairua aipatuta, zer sektoretan aplikatu daiteke teknika hori?

Kalitate handia eskatzen duten altzairuak lantzen dituzten enpresetan. Adibidez, kotxeentzako engranajeak, errodamenduak edo kojineteak egiten dituzunean, tratamendu asko egin behar zaizkio altzairuari, forma egoki bat eduki dezaten, eta abar. Tratamendu horiek egiterakoan errodamendu batean mila akats eta gehiago azaldu daitezke; eta, noski, errodamendu bat gaizki badago, abian jartzearekin batera hondatu egingo litzateke kotxea. Sektore horretan aplikatzen da teknika hau, ikerketak egiten ari dira eta gero eta gehiago ari dira erabiltzen. Hotzean egiten duten laminazioan ere aplikatzen dute.

Noiz erabaki zenuen zure tesia gai honen gainean egitea?

Nik Fisika ikasi nuenean, bi gauza gustatzen zitzaizkidan beste guztien gainetik: metalurgia eta magnetikoa. Eta tesi honek biak lotzen ditu. Ez nekien zer aukeratu, eta tesiaren gai hau ikusi nuenean, garbi ikusi nuen hori zela egin nahi nuena, nire gustuko bi gaiak lotzen zituelako.

Zientzia kontuak orokorrean, eta fisika tartean, kaleko jendearengandik oso urruti daudenaren sentsazioa badago. Zure lana gizarte mailan behar bezala ez baloratzea ekar al dezake horrek?

Bai. Azkenean jendeak, teknika hauei buruz hitz egiten entzuten duenean, ez daki benetan zertan eta nola aplikatzen diren. Baina gero, igoal, kafe-makinara joaten gara eta horko txanpon-detektagailua bera, adibidez, ikerketa baten eta oso antzeko teknikak erabiltzearen ondorio da. Era berean, oso-oso zaila da, testu bat idazten hasten zarenean, gaiaz ezer ez dakien jendeak hori ulertzea. Orduan, nik uste dut jendeari adibide praktikoekin azaldu behar diozula zure lana zertarako den.

Donostiako CEIT enpresan egiten duzu lan. Momentu honetan, zertan ari zara lanean?

Tesia otsailean aurkeztu nuen eta, ordutik, teknika hau erabiltzen ari gara, proiektu europar baten barruan, baina beste altzairu mota batzuetan.

Nola hartu zenuen sariaren albistea?

Irailaren bukaeran gutun bat bidali zuten lantokira, baina ni bajan nengoen eta ez zitzaidan iritsi. Bigarren gutun bat bidali behar izan zidaten, urgentea, eta orduan jaso nuen albistea. Espainiako Erret Akademiak urtero-urtero, ikasturte bukaeran, ikasturte horren barruan aurkeztutako doktoretza-tesi onenak saritzen ditu, arlo ezberdinetan. Nirea Materien Zientzia, Metalurgia eta Mineralogia sailean eman zidaten saria. Gomez Pardo Fundazioaren sariak dira, izenez.

Gurean ikerketa arloan lan egiteak nahi baino zailtasun gehiago dituela esaten da. Hala al da?

Nik uste dut hemen ikerkuntza ez dagoela ondo baloratuta. Alemaniara joaten zara, Ingalaterrara joaten zara, eta Fisikan doktorea bazara, lana seguru daukazu. Hemen, berriz, asko kostatzen da lana aurkitzea, asko kostatzen da ikerketa on bat egitea, asko kostatzen da dirua lortzea... Enpresek ez daukate mentalitate hori, ikertu beharra daukatela aurrera egiteko; nahiz eta salmentak oso onak izan, ikerketarik ez baldin badago ez dutela aurrera egingo, ailegatuko dela momentu bat, beraien produktua atzera geratuko dena. Hemen I+G (ikerketa gehi garapena) asko esaten da, baina gutxi egiten da. Aldiz, Alemaniara joaten zara, eta beste kontu bat da, beste mentalitate bat. Nik bi hilabete bakarrik pasatu nituen, eta oso desberdina iruditu zitzaidan.

Eskaintzarik jaso al duzu, kanpotik?

Nik hemen jarraitu nahi dut, ahal dudan bitartean behintzat, eta saiatu ere ez naiz egin. Egonaldi batzuk egiteko eskaintzak-eta bai, izan ditut, kongresuetan parte-hartzearen ondorioz eta, baina neuk kanpora joateko halako gogorik behin ere ez dudanez eduki...

Ikerketa indartzeko ekimena zeinek hartu beharko luke?

Ardura denena da, orokorrean. Erakundeena, enpresena... guztiena, baina ez dakit nola konpondu beharko litzatekeen. Aldaketa behar dela argi dago. Hemen ikerketa egiten dutenak mundu mailan zabalduta dauden enpresa handiak dira, eta horiek dira diru publiko gehiena eramaten dutenak. Bertako enpresek mentalitatea aldatu beharko lukete, eta diru-laguntzak eskuratzeko erraztasun gehiago eduki beharko lukete, eta ikertzeko aukera gehiago. Enpresa txikiek, askotan, ez dakite benetan diru-laguntza bat lortzeko zer egin behar duten; hori gehiago zabaldu beharko litzateke, agian.

Egoera kontuan hartuta, pribilegiatua zarela esan al daiteke?

Momentuz, nahi nuen doktoretza bat egitea lortu dut. Orain, ikertzen jarraitu nahi dut eta, momentuz, eskaintzen didate jarraitzeko aukera. Momentuz, ezin naiz kexatu, baina ez dakigu horrek zenbat iraungo duen, edota zer erakutsi beharko dugun aurrera jarraitu ahal izateko.