Badator 'Urola Kostako Hitza' berritua

Urola Kostako Hitza | Komunikabideak
2010ko urr. 26a, 11:10

Berria egunkariarekin elkarlanean, proiektu berria abiatuko du Hitzak azaroaren 5ean

Proiektuari babesa emateko argazki jendetsua aterako dute ostiralean, hilaren 29an, Azpeitian

Garaiko baldintzetara moldatzearren, eta hausnarketa prozesu luze baten ostean, Urola Kostako Hitzak indarberrituta ekingo dio lanari datorren astean. Azaroaren 5etik aurrera jarriko da indarrean proiektua, Berria egunkari nazionalarekin elkarlanean osatutakoa. Aurrerantzean Interneteko edizioak garrantzia berezia hartuko du, eta paperezko produktu berriak ere izango dira irakurgai. Dena den, harpidedunei gutun bidez azalduko zaizkie proiektuaren xehetasun guztiak, datorren astean: produktu berrien ezaugarriak, jasotzeko moduak eta abar.

Gogoeta luzea

Ekonomia krisia ez ezik, jakina da hedabideak eredu krisia ari direla pairatzen; batik bat Internetek eta teknologia berriek eragindako ohitura aldaketek eraginda. Hori horrela izanik, ordea, hedabideen euren esku dago aukerak baliatzea; hots, txikitasun eta ahuldade mezuak gainditu eta euskal komunikabideak erreferentzialak izan daitezen lanean jarraitzea.

Eta jarrera horren aldeko apustua egin dute tokian tokiko Hitzek eta Berriak: hedabide zabalduenen nagusigoarekin lehiatzeko bideak zabaltzeko, indarrak bildu eta proiektuak partekatzea erabaki dute. "Lehen lehengusuak zirenak anai-arrebak izango dira aurrerantzean", diote arduradunek.

Hori hala, hedabideen arteko elkarlanari esker informazio osatuagoa izango da eskuragarri azaroaren 5etik aurrera. Hori posible izan dadin, ordea, hainbat aldaketa izango ditu Urola Kostako Hitzak. Webgune berritua izango du, beste egitura eta diseinu batekin; parte-hartzaileagoa ere izango da. Paperari dagokionean, berriz, aldaketa izaten den egunetik aurrera asteartetik ostiralera argitaratuko da Urola Kostako Hitza. Asteburuari jarraipena web-etik egingo zaio.

Babes erakustaldia

Proiektu honetan zutabe dira harpidedunak eta herritarrak, oro har. Hori horrela, Urola Kostako Hitzaren aro berriari babesa agertu nahi dionak horretarako aukera izango du. Proiektuarekin bat egiten dutenekin argazki jendetsua aterako da ostegunean, 19:00etan, Zarautzen, Lege Zaharren enparantzan, eta ostiralean Azpeitian, 18:00etan, udaletxeko arkupetan.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu