Gazteleku berria irekitzear da

Urola Kostako Hitza 2010ko urr. 19a, 11:10

Izarraitz pilotalekuaren lehen solairuan dago

Ostiralean da inaugurazioa, 18:00etatik aurrera

Gazteleku egoitza estreinatuko du aurki: Damaso Azkue auzoko Loiola 91 bezala ezagutzen den eraikina utzi, eta Izarraitz pilotalekuaren lehen solairuan izango du lekua. Ostiralean irekiko dute gazteleku berria. Inaugurazio festa 18:00etatik 20:00etara bitartean izango da.

Sarrera haur parke estalitik Santutxo auzora bitarteko aldapatik izango du, zehazki. Bertan hainbat txoko izango du: lagunen txokoa (sofak), ordenagailu txokoa, jolasen txokoa, makilaje eta ileapaindegi txokoa, sukaldea, tailerra edota ikasgela eta musika eta dantza gela.

Hamabi eta hamazazpi urte bitarteko gazteentzako da gaztelekua. Besteak beste, irteerak, txapelketak, ikastaroak, hitzaldiak eta sexologia zerbitzua antolatzen dituzte. Erabiltzailea izateko ez da ezer ordaindu behar, eta izena emateko orria betez gero urtean zehar hainbat abantaila izateko aukera eskaintzen dute.