Filipinetako tifoiaren ondorioz Gorostola azpeitiar pilotaria Santa Ana hiritik atera dute

Uztarria.eus 2010ko urr. 19a, 12:10

Beste zazpi euskal pilotarirekin dago Filipinetan; duela sei hilabete zesta puntan jokatzera joanda

Esther Berasategik adierazi duenez, "tifoiak kalteak eragin ditu eta ez dakite noiz itzuliko diren pilotalekura"

Megi tifoiak Filipinetako Santa Ana de Cagayan eta Isabela zonaldeak ezerezean utzi zituen atzo, astelehena. Bizkaia Jai Alai pilotalekua Santa Ana de Cagayanen dago, eta pilotalekua suntsitzeaz gain, 3.000 biztanletik gora atera behar izan zituzten zonaldetik. Bertan zeuden zortzi euskal pilotariak, lau gipuzkoar eta lau bizkaitar. Tartean da Aitor Gorostola azpeitiar pilotaria. Gorostolaren amak, Esther Berasategik, Uztarria.com-i jakinarazi dionez, ostiralaz geroztik egunero hitz egin du semearekin eta pilotariak Manilara gaur eramango dituztela kontatu du: "Gaur eramango dituzte Manilara, ez dakite autobusez edo hegazkinez joango diren, baina dagoeneko bidean izango dira".

Ostiralaz geroztik "tripak jaten" egon direla eta "lorik ez" dutela egin gaineratu du Gorostolaren amak. Hala ere, pilotariak "ondo" daudela eta beraiek egon diren etxea ere "osorik" dagoela esan du Berasategik: "Gainera, semearekin telefonoz hizketan ari zela tifoiaren zarata entzuten nuen".

Urtebetez zesta puntan jokatzeko kontratua egin zion Master Jai enpresak eta duela sei hilabete inguru joan zen Gorostola Filipinetara. Zumaiako Pilota Eskolan ibili zen aurretik, eta urte eta erdi egon behar izan zuten Gorostola eta gainontzeko pilotariek Eusko Basque Jai Alai pilotalekua bukatzeko.

Frontoiaren konponketak

Master Jai enpresak bi asteren bueltan pilotalekua konpontzeko aurreikuspena egin badu ere, Esther Berasategik adierazi duenez, "tifoiak kalteak eragin ditu eta ez dakite noiz itzuliko diren frontoira".