Nuarbeko etxe tasatuetan izena emateko epe berria irekiko dute

Urola Kostako Hitza 2010ko urr. 13a, 10:10

Eremuan eraikitako bederatzi etxeetatik zazpi hutsik gelditu dira, eta zerrenda berria osatuko du Udalak

Soreasuko lur azpiko garajeak ere salgai daude

Nuarbe auzoan Azpeitiko Udalak babestutako bederatzi etxebizitza eraiki ditu, goiko plazaren ondoan, Simonenekoa zen tokian. Etxebizitza berri horiek udako oporraldiaren aurretik zozkatu zituen Azpeitiko Udalak. Baina bi lagun bakarrik agertu dira Nuarben etxea erosteko prest. Ondorioz, gainontzeko zazpi etxebizitzak libre gelditu dira. Beraz, etxe horien zozketa egiteko beste zerrenda bat osatzeko erabakia hartu du Azpeitiko Udalak. Izena emateko aukera berriz zabaltzea joan den ostegunean erabaki zuen Udalbatzak, aho batez.

Urriaren 7ko udalbatzarrean Azpeitia Lantzenen izenean IƱaki Errazkin hautetsi independentistak hartu zuen hitza. Haren arabera, lehen zozketa eginda eta orduko zerrenda guztia agortu ondoren, Nuarbeko tasatutako etxebizitzak erosteko "konpromisoa" bi lagunek bakarrik hartu dute. Beraz, zerrenda agortuta gelditu da eta zazpi etxebizitza libre gelditu dira.

Zazpi etxebizitza horiek zozkatzeko prozedura berria bat hasiko du Udalak. Oraingo honetan, Nuarbeko etxebizitzen zozketan izena ematen dutenek, 2009. urteko irabazien arabera emango dute. Baina beste baldintza guztiak aurreko ber-berak izango dira.

Izena azaroaren 15erako

Nuarbeko etxebizitza tasatuetan izena emateko epearen inguruko erabakia ere hartu zuten udalbatzarrean. Hau da, Nuarbeko zazpi etxebizitza tasatuen zozketan parte hartzeko izena azaroaren 15erako eman beharko da, Azpeitia Lantzenen bulegoetan (Sindikatu Zaharrean).

Nuarbe auzoan eraiki dituzten etxebizitzek trastelekua eta garajea dituzte. Prezioa, berriz, 156.000 euro (gehi BEZ) eta 180.300 (gehi BEZ) artekoa dute.

Lur azpiko garajeak salgai Soreasun

Soreasu auzoan Udalak eraiki dituen lur azpiko garajeen salmentarako baldintzak ere onartu zituzten joan den osteguneko udalbatzarrean. Erabaki hori ere aho batez hartu zuen Udalbatzak.

Soreasuko lur azpiko garajeak saltzeko bigarren fase bat zabaldu berri du Udalak. Aurrenekoan 37 garaje saldu zituen. Soreasuko lur azpiko aparkalekuak bi solairu ditu eta lehen solairua txandakakoa da. Baina, bigarren solairuan 109 autorentzako aparkalekuak saldu gabe ditu Udalak eta horiek jarri ditu salmentan. Dagoeneko lau lagun aparkalekua erosteko prest agertu direla azaldu zuen alkateak. Garajeez gainera trastelekuak ere saltzen jarri dituzte Soreasun.

Baina, Soreasun garajeak alokatzeko aukera ere jarri du Udalak. Hala, hilabeteko eta urtebeteko bonoak atera daitezke. Hilabetekoak hilero berritzeko aukera egongo da.