Joxe Arregi: "Bakean nago eta garbi esan dezaket ez dudala inorentzat erreminik"

Urola Kostako Hitza 2010ko urr. 11a, 12:10

Joxe Arregi. (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiarrak frantziskotar ordena eta apaizgoa utzi ditu

Bere ustez, "elizan bezala bildu gaitezke kultur etxean" arnasa nola hartu eta mundua nola berritu ikasteko

Joxe Arregik (Azpeitia, 1952) aspaldi galdu zion beldurra hitz egiteari eta pentsatzen zuena adierazteari. Pentsatzen, esaten eta sentitzen dituenak, ordea, ez dute tokirik, ez onarpenik gaur egungo Elizako agintarien eskemetan. Oztopo horien gainetik barruko indarrari eta gogoari "harrotasunik gabe eta erantzukizunez" jarraitu ahal izateko, bizitza erlijiosoa eta fraidetza uztea erabaki du azpeitiarrak. Hamar urtetatik etxe izan duen Arantzazu utzi eta Arroa Behera joan da bizitzera.

Nola azalduko zenuke hitz gutxitan gertatu dena?

Oso sinplea da. Bi aukera neuzkan: egiten ari naizen guztia utzi fraide izaten jarraitzeko ala fraide izateari utzi egiten ari naizenari eusteko. Bigarrena aukeratu dut neure kontzientziak, eliz elkarteak eta gizarteak -nahi baduzue, Jainkoak- horixe eskatzen zidalakoan. Orain arteko lan guztiak utzi eta Arantzazun fraide kontenplalari izateak ere tentatzen ninduen pixka bat, baina ez zitzaidan iruditzen arduraz jokatzea izango zenik.

Zer izan da zailena, erabakia hartzea ala publiko egitea?

Erabakia hartzea askoz ere zailago, noski. Baina ez uste erabakia hartzea bera zaila izan zaidanik. Gogor samarra bai, jakina, baina ez zaila, ez nuen-eta beste irtenbiderik ikusten.

Alde batetik, pertsonalki eta, bestetik, euskal Elizarentzat, erabakia onerako ala txarrerako izan dela uste al duzu?

Oraindik ez dago esaterik. Eta inoiz ere ez da esaterik izango. Hartu dudan bidearen berri jakin dezaket, aurrera egin ahala. Inoiz ez dut jakingo beste bide bat hartu izan banu nora eramango ninduen. Gauza bat daukat ziur: hartu dudan bidea neure onerako eta besteen onerako izan dadin saiatu behar dut, eta badut itxaropena hala izango dela.

Zer sentimendu eta sentsazio dituzu momentu honetan zeure barrenean?

Nire kasuari garrantzia gehiegi eman zaion edo emanarazi diodan sentipen deserosoa bai, badut. Frantziskotar batzuei trantze txarra pasarazi izanaren damu pixka bat ere bai. Geroari buruz, galdera pilo daukat, jakina. Nork ez? Baina bakean nago, eta garbi esan dezaket ez dudala inorekiko erreminik.

Nola bizi dute Arantzazuko zure anaiek egoera hau?

Uste dut den-denek dutela pena. Baten batek haserre pixka bat ere bai, penarekin batera. Eta pentsatzen dut norbaitek, pena eta guzti, lasaitasun apur bat ere izango duela nik alde egitean.

Frantziskotarra izanik eta Asisko Frantzisko sakon ezagututa, zertan egiten dute talka haren irakaspenek eta une honetan gobernatzen duen Elizaren mezuak?

San Frantzisko duela zortziehun urte bizi izan zen, Erdi Aroaren azken aldean, kultura eta gizarte berri baten atarian. Eliza berri bat amestu zuen: indarrik eta indarkeriarik gabeko Eliza, eskumikurik eta handikeriarik gabeko Eliza, klerikoen eta laikoen arteko diferentzia gabeko Eliza, Eliza baketsu eta bakegilea, Eliza pobrea eta txikienen laguna.

Euskal Eliza Erromako eta Madrilgo eskuindarren eraginpean gelditzen ari da, zertan nabarituko du hori kaleko kristauak?

Eskuin politiko eta erlijiosorik agresiboenaren (eta espainolistenaren) diskurtsoa patxadaz agoantatzeko prest egon beharko du; izan ere, horrelakoak izango baitira hemendik aurrerako apaizak, zer esanik ez gotzainak, puska baterako behintzat. Baina kaleko kristauari gero eta gutxiago axola izango dio apaizek eta gotzainek esaten dutena.

Akatsik larriena, agian, erlijioa politikarekin nahastea da, ezta?

Ez dakit zer esan. Politika hitza herriari (eta planeta osoari) dagokion jarduera bezala ulertzen bada, erlijioa ez dago politikatik bereizterik. Erlijio erakundea alderdi politiko batzuen esanera jartzea da tamalgarria, eta tamalgarriena da alderdirik eskuindarrenen esanera jartzea.

Zer irakasten da eta zer giro arnasten da bada gaur egun Euskal Herriko seminarioetan?

Vatikanoko II. Kontzilio aurreko giroa eta dotrina. Oso bestelako seminario giroa ezagutu nuen nik teologia irakasten hasi nintzenean, duela hogeita lau urte. Errestaurazio garaian bizi gara bete-betean. Atzeraka goaz. Baina historiak aurrera jarraitzen du. Baita Jainkoaren espirituak ere.

Elizan nagusitzen ari den korrontea sinesdunak ez direnen kalterako ere ba al da?

Sinestunak/sinesgabeak dikotomia horrek gero eta zentzu gutxiago duela iruditzen zait, eta hori bi arrazoi funtsezkogatik: batetik, erlijioan -niretzat behintzat -sineskizunak ez direlako funtsezkoak (sineskizunak kulturaren arabera aldatzen dira, eta aldatu egin behar dute). Bestetik, sinesgabe deitzen ditugunek ere badutelako euren sinesmena. Hori esanik, arrazoi duzu gaurko Eliza katolikoan nagusitzen ari den ildo fundamentalista ez dela elizkideon kalterako bakarrik, Elizatik urrun direnentzat ere kaltegarri dela. Eta kaltegarri da, Elizak ez dielako eskaintzen eskaini behar litekeen Jesusen Ebanjelioa, arnasa, senidetasunerako bultzada. Kaltegarri da Jesusen ebanjelioari sinesgarritasuna kentzen diolako. Kaltegarria da gizartearen aniztasuna eta tolerantzia oztopatzen dituelako.

Eliza (Erroma, Gotzaindegia) gizartearen aurka doala iruditzen al zaizu? Baiezkoaren kasuan, zergatik uste duzu duela jarrera hori?

Iruditzen zait, Eliza hierarkikoaren --areago esan liteke: erlijio tradizional guztien-- eta gaurko gizartearen artean eten handi bat dagoela. Arrazionaltasuna, giza eskubideak, askatasuna, laikotasuna, aniztasuna, testu fundatzaileen irakurketa kritikoa, egiaren eta hizkuntzaren arteko bereizketa... ez ditu oraindik benetan onartu Eliza hierarkikoak. Eta badirudi, Jesusen berri ona hots egin beharrean, beti haserre eta errietan ari dela.

Kristau bideari eutsi edo ez zalantzan daudenek zeri hel diezaiokete fede hori indartzeko askotan oztopoak besterik ikusten ez dituztenean?

Zeri eutsi? Bada elkarri eta, elkarrekin, Jesusen bideari. Elkarri eusten saiatzen garenean, Jesusek denoi eusten digu. Eta denok gara berdintsu, fede urriko, elkarren premiadun. Eta ez du merezi bakea eta indarrak kentzen dizkiguten mezuengatik lantutan jarduteak.

Agian, Jesusen bidea jarraitzeko eta erlijioa bizitzeko modu desberdinak ikusten dituzuenok izan zaitezkete motibazio edo itxaropenaren iturri...

Baina ni ez naiz horietakoa. Jesusek esan zuen: "Zuetako bi edo hiru elkartzen direnean, han nago ni". Han dago Jainkoaren Espiritua, adore-emailea, inspiratzailea, kontsolatzailea. Eta hori bai, fededun deitzen ditugunekin bezalaxe dago Jainkoaren Espiritua, eta elizan bezalaxe bildu gaitezke kultur etxean, eta denok ikas dezakegu denongandik arnasa nola hartu eta mundua nola berritu.

Herritarrengandik babes handia jaso duzu. Beste Eliza baten edo erlijio modu baten egarri al da gizartea?

Gizarteak, orokorrean, aspaldi galdu zuen Elizaren eta erlijioaren egarria. Edo Elizak eta gure erlijio erakundeek aspaldi galdu zuten gizartearentzat sinesgarritasuna. Erlijio tradizional handiak nekazal kulturan sortuak eta garatuak dira, duela milaka urte. Kristautasun tradizionala eta gaurko Eliza ere nekazari gizarte garaian sortu eta garatu ziren, eta hori ez da txarra; txarra da gaur, nekazari gizartetik modernitatera eta modernitatetik posmodernitatera igaro garenean, oraindik nekazari gizarte garaian txertaturik geratzea, orduko dogmetan eta egitura hierarkikoetan tinko. Horiek alferrik ditu gaurko gizarteak oro har. Mendebaldeko gure gizartea, halere, espiritualtsunaren egarri da. Dogmak eta arau moralak eta erakunde patriarkal hierarkikoak ez zaizkio interesatzen, baina misterioa eta transzendentzia bai. Arnasa behar du, barruko eta kanpoko bakea behar du. Oso ongarria da isiltasuna dastatzea, errealitatearen mezu isila entzuten ikastea, misterioak biltzen gaituela sentitzea. Oso ongarria da den guztia elkartasun misteriotsua dela sumatzea, elkartasun unibertsal horrekin poztea...

Nola ikusten duzu Gipuzkoako Eliza epe motz-ertainera? Eta Eliza, orokorrean? Nolako Eliza beharko litzateke XXI. mende honetan?

Bistan da elizak hutsik geratzera doazela, eta hori ez da inoren errua. Kultur aldaketa sakon baten ondorio saihestezina da. Horrek berrikuntza sakonak eskatuko lituzke Elizaren baitan: erakundeak erabat demokratizatu, emakumeari berdintasun osoa aitortu, laikotasunaren printzipioa arlo guztietan onartu, zelibatoaren eta sexualitatearen ikuspegia guztiz berrikusi, Jainkoaren irudia gaurko zientziekin bateratu, erlijio-aniztasuna sakonki onartu, liturgiako hizkuntza goitik behera berritu, egiaren eta ongiaren monopolioari uko egin, teologiaren askatasunari bide eman... Baina azken urte hauetan guztiz kontrako bidetik doa Eliza katolikoa, eta Euskal Herriko azken gotzainen izendapenek argi erakusten dute hori.

Etapa berri baten hasiera bizitzen ari zara. Zein dira, etorkizunera begira, zure helburuak eta asmoak?

Bizimodu berrira egokitu beharko dut aurrena, eta bakarrik moldatzen ikasi. Bestela, ogibidez irakaskuntzan jarraituko dut, eta hipotekari buelta eman, mundu guztiak egiten duen bezala. Eta marko berri honetan Jesusen jarraitzaile izaten jarraitu gaurko gizartearen eta kulturaren barru-barruan.

Zer egin nahi zenuke kristauentzat eta gizartearentzat?

XXI. menderako espiritualtasun eta kristautasun moldeak bilatzen eta bideratzen ahalegindu nahi nuke elizkideekin batera eta gaurko gizon-emakume bilatzaile guztiekin batera, muga erlijioso eta konfesional guztien gainetik. Uste dut ongarri dela kristauentzat eta ongarri izan daitekeela gizartearentzat ere.

Askeago al zara orain pentsatzen duzuna esateko eta onena dena iruditzen zaizun hori egiteko?

Bai, frantziskotar ordena eta apaizgoa utzi izanak askoz ere libreago egiten nau pentsatzera ausartzeko, pentsatzen dudana adierazteko, egokien iruditzen zaidana egiteko. Baina harrotasunik gabe egin nahi nuke, eta erantzukizunez.

Frantziskotar izateari utzi diozu, ofizialki. Baina, zer daramazu Arantzazutik? Frantziskotarren izaera eta gizartearekiko jarrera berezia izanik, posible al da bihotzez frantziskotar izateari uztea?

Nahiago nuke posible ez balitz! Baina posible da, eta arduraz eta bakean saiatu nahi nuke Asisko anaia pobrearen espirituari jarraitzen.

Azpeititik 10 urterekin joan zinen Arantzazura. Zure jaiotetxeko, Gerrantzuri baserriko zer oroitzapen dituzu?

Ume-umetatik lanean gogor erakutsi zigun aitak. Feriara joaten zenean, amarekin gelditzen ginen lanean, baina askoz gusturago. Lan asko egiten genuen umetan: udaberrian zelaietan simaur zabaltzen, artoak ereiten eta artajorran; udan belar ontzeak eta gari lanak (belar-lanak baino nahiago izaten genituen; pozik egoten ginen gari-jotzea egunerako, auzoetako langileak etortzen baitziren, eta beste munduko iruditzen zitzaidan gari jotzeko makina bat ere bai); udazkenean soroan, sekula amaitzen ez zen itaurrean aurrera eta atzera - zein aspergarria zen!-, edo zakarrak biltzen, gero erretzeko; neguan arbitan edo ganbaran artoak zuritzen. Gure etxean ur asko zen -iturri oparo bat eta inoiz agortzen ez diren bi errekatxo - baina etxea bera baino beherago ziren, eta etxean ura falta; halako batean jarri genuen, baina guk nahi baino sarriago agortzen zen urtegia. Tximistari baino beldur handiagoa nion lehorteari. Eta gainera, eguneroko lanak: behi-zain eta idi-zain; ukuiluko lanak eta ganadu-janak, baita igandeetan ere (bi edo hiru salbuespen izaten genituen: Santio Eguna, San Inazio Eguna eta Arantzazuko peregrinazio eguna: egun horietan, bezperatik etxeratzen genituen ganadu-janak). Etxeko lan guztiak arreben kontua izan ziren, baina horrek ez zituen kanpoko lanetatik libratzen. Beraz, eskolako lanetarako ez zitzaigun beta handirik geratzen. Baina pozik bizi ginen eta ez dut uste inoiz pobre izatearen penarik izan nuenik. Gerezi arbolara igo eta nahiko gerezia jatea, edo belar ontzerakoan zelaian ardo-zopak jatea, edo udazkeneko igande arratsalde batez etxeko mahatsa eta ogia kapazuan hartu eta familia osoa Makazti aldera -OƱatzetik gora- joatea... Gauza txiki horiek zorion handia ziren.

Azpeitiarekin zer harreman izan duzu urte hauetan guztietan?

Lotsa pixka batekin aitortzen dut, Azpeitiko kaleetan oso gutxi ibili izan naizela umetan Arantzazura joan nintzenetik, eta ordura bitartean ere ez asko. Eskolara Azpeitira joaten nintzen, maristetara, baina igande arratsaldetan OƱatzeko ermita atariko frontoitxora pilotara edo inguruko baserrietako lagunekin txori habien bila. Oso azpeitiar sentitzen naiz, hori bai, baina zoritxarrez azpeitiarrak gutxi ezagutzen ditut. Ez ahal didate azpeitiarrek gaizki hartuko! Eta bestela penitentzia egiteko prest nago.

Zer dela-eta aukeratu duzu Arroa biztoki berri bezala?

Arrazoi bat baino gehiagok ekarri naute hona: Bilbo eta Donostia garestiegiak dira eta gainera hiriak ez zaizkit gustatzen bizitzeko. Baina bien artean behar nuen, bietan baititut klaseak, eta alde horretatik Arroa oso ondo komunikatua dago. Eta toki lasaia da, mendia alde batera eta mendia bestera, eta errekatxo apal bat aurrean. Asko gustatzen zait. Gainera, Zumaiako Gune proiektuan nago, eta hilero jardunaldi interesgarriak antolatzen ditugu Zumaian (iaz idazleekin, aurten artistekin); erlijio edo espiritualtasun ezberdinen arteko otoitzaldiak ere antolatu ditugu aurten hilean behin. Eta hortik ere gertu egon nahi nuen.