Kirol Patronatuko zerbitzuak BBXport enpresak emango ditu

Urola Kostako Hitza 2010ko urr. 11a, 12:10

Loren Agirre arduratu da urte askoan herriko kirol zerbitzuez, baina beste enpresak "eskaintza hobea" egin du

Udalbatzak aho batez hartutako erabakia da

Udak Kirol Patronatuko kirol zerbitzuak emateko ardura BPXport Kirol Zerbitzuak enpresak izango du hemendik aurrera. Hala erabaki du Udalbatzak, aho batez. Herenegun ohiko udalbatzarrean hartu zuten erabakia.

Udal Kirol Patronatuko zerbitzuak emateko ardura orain arte Loren Agirrek izan du. Baina kontratua aurten bukatu zaio eta Udalak lehiaketara atera du. Bi proposamen aurkeztu dira lehiaketara: bata, Loren Agirre bera eta bestea BPXport. Baina, Udalak bi eskaintzek aurkeztutako informe teknikoak eta ekonomikoak aztertu ditu eta BPXport enpresarekin kontratua egitea erabaki du, "bai teknikoki eta bai ekonomikoki eskaintza hobea egin duelako". Kirol zerbitzuak emateko bost urterako kontratua egingo du Udalak enpresarekin.

Loren Agirrerekin Udal Kirol Patronatuko kirol zerbitzuetan lanean jardundakoak joan ziren herenegun udalbatzarrera. Bertan, euren kezka azaldu zuten: "Lorenekin lanean jardun dugunak herrikoak gara eta urteetan aritu gara Azpeitiko kiroldegian eta igerilekuan lanean. Gainera, zurrumurruak entzun ditugu hemendik aurrera egoera kaskarragoan lan egin beharko dugula-eta".

Lehen Azpeitiko kirol zerbitzuetan lanean ari ziren langileak enpresa berriak kontratatu behar ditu, baldintzen arabera. Gainera, lehen zuten soldata mantenduz kontratatu beharko ditu. Horixe azaldu zien Julian Eizmendi alkateak, herenegun udaletxeko pleno aretora joan ziren kirol zerbitzuetako langileei. "Oinarrietan zehaztutako baldintzekin kontratatuko da kirol zerbitzuak emango dituen enpresa. Gainera, orain onartu dugun esleipena behin-behinekoa da. Epe bat pasatu ondoren, enpresak eskainitako guztia betetzen duela ikusten dugunean, sinatuko dugu kontratua", gaineratu zuen alkateak.

Horrez gain, Loren Agirrek erabakia errekurritzeko aukera duela ere azaldu zuten udal ordezkariek.

Julian Kortajarena Udaleko Kirol batzordeburuak azaldu zuenez, Kiroletako Batzordean aho batez onartu zen BPXport Kirol Zerbitzuak enpresaren eskaintzaren aukera egitea. Herenegun ere Udalbatzak aho batez onartu zuen enpresa hori aukeratzea kirol zerbitzuak emateko, "eskaintza hobea egin duelako".