Jose Mari Etxeberria: "Loiolak galdu ez, irabazi egiten du"

Uztarria.eus | Kultura
2010ko urr. 7a, 08:10

Deustuko Unibertsitatera eraman behar dituzten liburuak hilabete barru erabilgarri egotea espero du jesuiten komunitateko arduradunak

"Loiolako upategian gordeta ditugun liburu zahar horiek, ardo hori, kanpora atera nahi dugu", dio

Loiolako liburutegiko artxiboaren zati bat. Santutegiko liburutegiari dagozkion alerik zaharrenak dira Deustura eramango dituztenak.  Argazki originala

"Esan dituztenak ez dira gure ikuspuntutik esan, eta ni ez nago ados. Ez da batek irabazi eta besteak galtzeko estrategia, biek irabazten dute. Erabaki honekin Loiolak galdu ez, irabazi egiten du; liburu horiek gehiago erabiliko direlako eta, batik bat, Loiolako ondare hori hobeto zainduta eta gordeta edukiko dugulako". Honela laburbiltzen du Jose Mari Etxeberriak jesuitek Loiolako Liburutegiko hainbat liburu Deustuko Unibertsitatera lekuz aldatzeko hartutako erabakia.

Loiolako agiri eta artxibo ondarea aberatsa da. Gaur egun 150.000 liburu inguru daude Loiolan gordeta; San Inazio beraren garaitik hasitako bilduma lanaren ondorioa da Loiolako egungo liburutegia. Liburu horietako asko eta asko XV. eta XIX. mendeen arteko argitalpenak dira, eta horien artean 37 inkunable ere -1500. urte aurrekoak- badituzte. Ondare guzti hori hiru liburutegitan sailkatuta dute: liburutegi ignaziotarra, euskal liburutegia eta santutegiko liburutegia. Azken hau antzinako liburu zaharren funtsarekin osatzen da eta, hain zuzen ere, santutegiko liburutegia deritzon horretakoak dira Deustura eramango dituzten aleak. "Ondo zaintzea behar dutenak hara eramango ditugu, gutxi gorabehera", dio Jose Mari Etxeberriak.

Gordeta dagoena erakutsi

Orain dela bi urte hasi zen hezurmamitzen orain egitekoak diren lekualdatzea. Orduan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak Loiolako santutegiko Inazioren liburutegia Granada Egako dukearen etxea zenean jartzeko proiektua onartu zuen. Etxeberriak dioenez, "orduan ikusi genuen ignaziotarrak ziren liburu asko oso zaharrak zirela, eta liburu zahar horiek, hemen gordeta egon beharrean, batzuk kenduta, horrelako gaitasuna edukita, erakutsi beharra zegoela". Eta hor hasi zuten Deustuko Unibertsitateko arduradunekin hartu-emana. Gaur egun, Granada Egako dukearen etxeko azken solairuan ari dira egokitzen liburutegi ignaziotarra.

Deustuko Unibertsitatera eraman behar dituzten liburuak hilabete barru hango CRAI-n -Ikasketarako eta Ikerkuntzarako Baliabideen Zentroa, Centro de Recursos de Aprendizaje e InvestigaciĆ³n- erabilgarri egotea espero du jesuiten komunitateko arduradunak. Horixe da, azken batean, Loiolako jesulagunek nahi dutena. Etxeberriaren hitzetan, "Loiolako upategian gordeta ditugun liburu zahar horiek, ardo hori, kanpora atera nahi dugu. Gordeta eduki beharrean, kanpora atera, jendeak ikus eta erabil ditzan, modu berri batean". Deustuko CRAI-n, liburuak jendearen eskura egoteaz gain, "hobeto zainduta eta gordeta" egoteko baliabideak ere -digitalizazioa, tartean- badituztela dio Loiolako jesuiten arduradunak. Horixe da hartutako erabakiaren beste ardatza.

Garraio berezia

Liburu bereziak izanik, garraioa ere berezia izango da. Horrelako edukien garraioan aditua den Galiziako enpresa bati emango diote ardura hori. "Kamioi bereziak erabiltzen dituzte, bankuetako dirua eramateko erabiltzen direnen antzekoak -azaltzen du Etxeberriak-; kaxa bereziak ere erabiltzen dituzte liburuak garraiatzeko".

Hainbeste liburu izanda, eta garraioaren berezitasuna kontuan hartuta, bidaia bat baino gehiago egin beharko dute Loiolatik Bilbora.

Uztarria aldizkariak Loiolako Liburutegiari erreportaje zabala eskaini zion 2007ko abenduko zenbakian.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu