Ildo bera jarraituz

Urola Kostako Hitza 2009ko urr. 1a, 10:10
Luis Alberdik hartu du Inazio Urrestillaren lekukoa Urrestilla dendan. (Urola Kostako Hitza)

Urrestilla arropa dendak jabez aldatu du eta hemendik aurrera Luis Alberdi Beltza arduratuko da saltokiaz

Bihar, larunbata, eguerdian inauguratuko dute 11:30etik 14:00etara

Azpeitiko Inazio Urrestilla jostunak erretiroa hartu du, 42 urtez Erdi Kalean lanean aritu ondoren, baina Urrestilla arropa dendaren jarduna ez da eten. Luis Alberdi Beltza azpeitiarrak hartu du lekukoa eta bihar goizean, berritze lan batzuk egin ondoren, berriz zabalduko ditu ateak. Zaharberritu eta jabez aldatu arren, orain arte izandako bide bera jarraituko du saltokiak, "arropa etxe beraiekin lan eginez, jostun igoalekin eta dendari izena mantenduta".

Inaugurazioa larunbat eguerdian egingo dute 11:30etik 14:00ak aldera arte, eta bezero nahiz herritar guztiak gonbidatuta daude bertan egingo dute luntxera. Ofizialki, ordea, datorren astelehen arratsaldetik aurrera hasiko dira ohiko ordutegiarekin lanean, urriaren 4tik aurrera; astelehenetan, 16:30etik 20:00etara, eta asteartetik larunbatera, 09:30etik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara.

Urrestilla arropa dendak orain arteko ildo berari jarraituko dio aurrerantzean ere, baina tartean arropa modernoagoa ere izango dutela nabarmendu du Alberdik. "Nagusiki helduei zuzendutako arropa izango dugu. Baina, lehen ez bezala, gazteentzako joera ere ukituko dugu pixka bat; hau da, 30 urtetik aurrerakoentzako arropa izango dugu. Dena dela, hori portzentaia txiki bat izango da". Era berean, osagai gehiago izango dute orain salgai; besteak beste, gerrikoak, zapatak, bufandak, kapelak eta barruko arropak.

Uztailetik iraila bitartean, ofizioa ikasten aritu da Alberdi oran arteko jabeekin: "Bezeroak ezagutzeko eta, bide batez, nire burua aurkezteko modua izan da. Haiekin harreman zuzena uztartze aldera, nolabait esateko. Azken finean, haiek ere lasaiago geratzen ziren ezagun batek dendaren ardura hartzen zuela jakinda. Orain lanean hasteko ilusioz eta gogoz nago"