Bost urteak ospatzeko egun oso bat

Urola Kostako Hitza 2010ko uzt. 19a, 13:07

Hamasai koadrilek hartu zuten parte Urola ibaian egindako baltsa jaitsiera umoretsuan. (Irene Elorza)

Egunbeteko festa egitarauarekin ospatu dute Azpeitiko Gaztetxearen bigarren aroaren bosgarren urtemuga

Hamasei baltsa izan ziren lehiaketan, iaz bezala

Azpeitiko Gaztetxeak bost urte bete ditu eta, urtemuga ospatzeko, festa borobila egin zuten atzo. Goizeko hamaiketan elkartu eta herriko plazan hamaiketakoa egiteko tartea hartu zuten gazteek. Ordurako, baltsa jaitsieran erabili beharreko tramankuluak ikusgai zeuden plazan. Era guztietako ontziak prestatuak zituzten gazte koadrilek, eta eskifaiak mozorrotuta eta festa gogo biziz abiatu ziren ibai aldera.

Ikusmin handia piztu zuen baltsa jaitsierak. Ehunka herritarrek hartu zuten tokia Urola ibaiaren ertzeetan eta ibilbideko zubietan. Iaz bezalaxe, hamasei koadrilak hartu zuten parte lehiaketan, Azoka Plazako zubian hasi eta Damaso Azkue auzorako ibilbidea eginez.

Ibaiak ur gutxi zeraman atzokoan, eta pasarte barregarri ugari eragin zuten lehorreko arraunlarien ekinek. Besteak beste, piratak, sukaldariak, goardia zibilak, arraunlariak eta pijoak aritu ziren nor baino nor Urola ibaian behera lehia bizian.

Ur kirolen saioa bukatuta, trikipoteoan indarrak bildu eta Gaztetxera abiatu ziren gazteak lagunarteko bazkaria egiteko. 150 lagunek baino gehiagok dastatu zuten bosgarren urtemugako menua.

Bazkalondoren ur jolasen txanda iritsi zen, eta Gaztetxetik abiatu eta herriko alde zaharrean barrena kalejira egin zuten. Festarekin jarraituz, gauean Aldeixok eta Gomeru taldeen kontzertuarekin bukatu zen Gaztetxearen urteurren festa jendetsua.