Gaztetxearen bosgarren urteurrena ospatuko dute larunbatean

Urola Kostako Hitza 2010ko uzt. 14a, 13:07

Urtemuga eguna urtetik urtera nabarmen indartzen ari dela azaldu dute gaztetxekoek

Baltsa jaitsiera hasi aurretik, ontzi guztiekin erakusketa egingo dute plazan

Azken urteotan ohi bezalaxe herriko San Inazio festen bezperetan gaztetxearen urteurren jaia ospatuko dute herriko gazteek. Aurtengoa larunbatean da, goizean hasi eta goizaldera arte. Bosgarren urteurrena da larunbatean ospatuko dutena, eta jada prest dituzte ekimenak. Gaztetxearekin batera, festako protagonista nagusia ura izango da. "Gaztetxearen urteurren festa urtetik urtera indar handiagoa hartzen ari da, eta herritarren parte-hartzea gehitzen ari da", azaldu dute Azpeitiko gaztetxeko kideek.

Baltsa jaitsiera hasi aurretik, bertan parte hartuko duten ontzi guztiekin erakusketa muntatuko dute herriko plazan. "Aurreko bi urteetan baltsa askok hartu zuten parte", azaldu dute. "Iaz, esaterako, hamazazpi irten ziren eta tartean bitxiak ere baziren. Aurten, horiek ikusteko aukera jarriko dugu plazan0", esan dute. Horrekin batera, herritarrentzako hamaiketakoa antolatuko dute.

Baina jaitsiera eta gero ere, festak goizaldera jarraituko du, gaztetxearen urtemuga ospatzeko.

Gaztetxearen 5. urteurreneko egitaraua

Uztailak 17, larunbata

  • 11:00. Hamaiketakoa izango nahi duten guztientzako eta baltsa jaitsieran irtengo diren ontziak edo baltsak erakusgai izango dira, herriko plazan.
  • 12:00. Baltsa jaitsiera, Urola ibaian. Azoka plazako zubi paretik gaztetxera bitartean.
  • Ondoren, trikipoteoa, Etxe Zuri aurretik hasita.
  • 14:30. Bazkaria, gaztetxean. Bazkarirako txartelak Orkatz, Etxe Zuri, Txarrantxa, Korrale, Zuhatz eta Lokotx tabernan daude saltzen. Txartela aurretik erosiz gero honakoa da prezioa: langileek 12 euro eta langabetuek eta ikasleek 7 euro. Larunbatean bertan bazkaltzeko txartela gehiago kostatuko da: langileentzat 15 euro eta langabetuentzat edo ikasleentzat 10 euro. Txartelak aurrez erosteko azken eguna osteguna izango da.
  • 17:00. Kalejira eta ur-jolasak Gaztetxetik irten eta herriko alde zaharrean barrena.
  • 22:00. Kontzertuak: Aldeixok (Azkoitia eta Azpeitia) eta Gomeru (Asturias).