Berdintasun politikarako jarraitu beharreko gidalerroak zehaztu dituzte

Urola Kostako Hitza 2010ko eka. 10a, 10:06

Emakumeen Mahaikoak eta Parekidetasun sailekoak Plana aurkezten. (Nerea Uranga)

Parekidetasun Sailak eta Emakumeen Mahaiak jakinarazi dutenez, parte-hartzailea izan da prozesua

Ia bi urteko prozesua izan da genero diagnosia eta Berdintasun Plana osatzea

Azpeitiko Udalak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lehen Udal Plana osatu du. Hala, egitasmoak datozen lau urteetan Udaletik garatuko dituzten berdintasun politika guztien gidalerroak zehazten dituela esan du Onintza Etxeberria Parekidetasuneko zinegotziak. Berdintasunerako Lehen Udal Plana maiatzean onartu zuen Udalbatzak, aho batez. Orain, berriz, Emakumearen Mahaiak eta Parekidetasun Sailak Azpeitiko genero diagnosiaren eta Planaren berri eman dute.

Orain dela hiru urte sortu zuten Azpeitiko Udalean Parekidetasun Saila. Ordutik, emakumeen eta gizonen berdintasunerako bidean urratsak egiteko hainbat egitasmo landu dituzte. Baina urteetan mugimendu feministak eta Emakumeen Mahaiak eskatu dutenari erantzunez, Azpeitiko Udalak Berdintasun Plana diseinatzeko konpromisoa hartu zuen, "beharrezkoa delako garatzen diren ekimen eta egitasmo guztiak norabide berean kokatzeko".

Berdinasun plana egin aurretik, genero diagnosia egin dute, "herriko hainbat arlotan emakumeek eta gizonek duten egoera ondo aztertzeko". Plana, berriz, diagnosiaren ondorioetan eta EAEko berdintasun legeak ezartzen dituen irizpideetan oinarrituta egin dute. Baina behin Berdintasunerako Plana eginda, ibilbidea hasi besterik ez dela egin aitortu dute: "Orain guztioi dagokigu hori guztia gauzatu dadin konpromisoa hartzea".

Ia bi urteko prozesua

Genero diagnosia egin eta Berdintasun Plana osatzea ia bi urteko prozesua izan da. "Herritarren parte-hartzea ziurtatzea guretzat lehentasuna izan da", azaldu du Edurne Aranbarri Parekidetasuneko teknikariak. Prozesu guztia dinamizatzen eta Oreka Sareari laguntzen, mugimendu feministako kideez eta beste eremu batzuetan lanean diharduten emakumeez osatutako talde eragile batek jardun du. Emakumeen Mahaiak ere gertutik jarraitu du prozesua.

Aranbarriren esanetan, prozesu guztia "parte-hartzailea" izan da. Genero diagnegiteko bi eremu aztertu dituzte: batetik, Udalaren egitura eta funtzionamendua; eta, bestetik, herriko beste eremuak (euskara, hezkuntza eta gazteria; kultura eta kirola; hirigintza eta mugikortasuna; gizarteratzea eta osasuna; emakumeen kontrako indarkeria; eta arlo ekonomikoa).

Datuak biltzeko honako pausoak eman dituzte: 30 elkarrizketa Udal langile eta Udalaz gaindiko erakundeekin; 400 kaleko inkesta; udaleko langileei inkestak; eta, bost eztabaida hainbat eremutako emakumeekin.

Genero diagnositik ateratako ondorioak

Herrian gizonezkoak gehiago: Azpeitiko biztanleetatik %49,6 diraa emakumezkoak.

  • Azken bi hamarkadetan, pertsona bakarreko eta seme-alabarik gabeko familien kopurua bikoiztu egin da.
  • 2008ko datuen arabera, latinoamerikarrak dira emakumeak nagusitzen diren talde bakarra. Besteetan joera alderantzizkoa da.

Udalean, batzordeen banaketa "esanguratsua". Udaleko 17 ordezkari politikoetatik 6 dira emakumeak. Batzordeen banaketa ere "oso esanguratsua" da: "Hirigintzan eta industrian parte-hartzaile guztiak gizonak dira. Parekidetasun batzordea da emakumeen parte-hartzea handiagoa duen batzorde bakarra".

  • Udal langileetan, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua da. "Baina, emakume gehienek bulego eta barruko lana egiten dute eta gizonek kanpoko lanetan jarduten dute".
  • Soldatei dagokionez, talde profesionalak kontuan hartuta, kasu guztietan gizonek emakumezkoak baino soldata altuagoak dituzte udaletxean.
  • Lanaldi murriztua duten sei langileetatik bost emakumeak dira. Lauk seme-alabak zaintzeko eskatu dute murrizketa.

Hezkuntza, Euskara eta Gazterian: Helduentzako antolatutako heziketa iraunkorrean eta Esperientza Eskolan parte-hartzaile gehienak emakumezkoak dira.

  • Udal Euskaltegian 2008-2009 ikasturtean 159 emakume eta 85 gizon matrikulatu ziren.
  • Zapo Txokon emakume parte-hartzaileak gutxiago dira.
  • Udaleku irekietan, 38 begiraleetatik 32 emakumeak izan ziren.

Kirola eta Kultura.

  • Saskibaloia eta futbola dira Udaletik diru laguntza gehien jasotzen duten kirol jarduerak.
  • Kultur-ekimenetan emakumeen presentzia altuagoa da, baina antolatutako ekimen esanguratsuenetan gizonen presentzia askoz altuagoa da, adibidez danborradan.
  • Kultur baliabideei dagokionez erabiltzaile gehienak emakumezkoak dira.
  • Musika Eskolako datuak aztertuz, sexu banaketa "argia" ematen da musika tresnen arabera.

Hirigintza. Eztabaida taldeetako emakumeek "behar zehatzak" dituztela azaldu dute: segurtasuna bermatzeko herrian puntu ilunak ezagutzea esaterako.

  • Kale izendegian emakumeen presentzia "oso urria" da. Dauden biek, arrazoi erlijiosoei erreferentzia egiten diete.

Gizartekintza eta Osasuna. Etxez etxeko zerbitzuetan lan egiten duten guztiak emakumeak dira.

  • Zerbitzu guztien erabiltzaile gehienak emakumeak dira.
  • Osasun zerbitzutik, ginekologiara eta emaginarengana emakume etorkinak erakartzeko arazoak aipatzen dituzte.
  • Azpeitiko emaginak ez dauka plaza finkorik eta baliabideen falta nabarmentzen da etengabe herriko emakumeen artean.

Arlo ekonomikoa. Jarduera tasari dagokionez emakumeena askoz baxuagoa da.

  • Sindikatuei dagokionez, afiliatutako emakumeen eta emakume delegatuen artean "desoreka handia" dago, delegatuena "askoz baxuagoa" da.
  • Merkatuak eta honek sortutako egiturek, amatasuna emakumeen garapen profesionalean oztopo bezala aurkezteak eragin zuzena du emakume askoren bizitzan.
  • Etxeko eta zaintza lanen ardura emakumeen esku izateak, eragina du beraien garapen profesionalean.

Kale inkesten azterketa. Emakumeak dira desberdintasunak gehien identifikatzen dituztenak.

  • "Azken urteotan erabat nagusitu da, berdintasunean oinarritutako jendartean bizi garen ideia faltsua".
  • Soldataren kasuan edo enplegua aurkitzeko, %70ak baino gehiagok uste du emakumea egoera okerragoan dagoela.
  • Danborradan emakumeen presentzia orekatua lortzeko neurriak hartzearen alde emakumeen %62,5 agertu da.